Ehun bat trikitilari eta panderojole bilduko dira Arantzan martxoaren 11ko Trikitixa Jaialdian

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mar. 7a, 11:18
Trikitilari eta panderojoleez gain, Azpeitiko Sahatsa dantza taldeko dantzariek ere emanaldia eskainiko dute.

Pantaleon Errandonea omenduko du Arantzako Udalak larunbatean eta Pelle-Ttikiren 10. Urteurrena eta Gure Esku Dago bertso afaria ere izanen dute

Iaz burutu zen lehenbiziko edizioa eta arrakastatsua izan zen. Aurten ere, trikiti eta pandero soinuak nagusituko dira Arantzako frontoian, bertze urte batez, Trikitixa Jaialdia antolatu baitu Arantzako Udaleko Kultura Batzordeak martxoaren 11rako. 

 

Herriko trikitilari eta panderojoleez gain, inguruko hainbat eskoletako soinulariak bilduko dira: Doneztebeko Agorreta Musika Eskola, Etxalarko trikitilariak eta Elizagoien ahizpak, Berako Irats Trikitixa Eskola eta Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskola, Lesaka Trikitixa Eskola eta Lesakako Udal Musika Eskola, Martin Aginalderen Trikitixa Eskola (Oronoz-Mugairiko trikitilariak) eta Aurtizko Mendaur Trikitixa eta Panderojoleen Eskola.

Bertzetik, joan den urtean bezala, Azpeitiko Sahatsa Dantza Taldeko dantzarien emanaldiak ere tartekatuko dira saioan. Eta bukaeran, Pantaleon Errandoneari omenaldia eskainiko dio Kultura Batzordeak.

17:00etan hasita, arratsalde polita pasatzeko modua izanen da. Partaide guztientzat oroigarriak izanen dira eta zozketak ere izanen dira. Publikoaren artean, Arantzako Hotelean spa saioa zozketatuko da.

Emanaldirako sarrera 5 euro izanen da eta 12 urtez behetikoek ez dute ordaindu behar. Arantzako Udaleko Kultura Batzordeak eskerrak eman nahi dizkie jaialdi hau antolatzeko laguntza eskaini duten guztiei.

 

Pelle-Ttikiren 10. Urteurrena eta Gure Esku Dago Bertso afaria

Pelle-Ttiki Haur Txokoa koxkortzen ari da eta 10. urteurrena ospatzeko, trikitixa jaialdiak irauten duen bitartean, haurrentzako tailerrak izanen dira. Horrez gain, hamar urteko ibilbidearen argazki erakusketa ere ikusgai izanen da. Aunitz urtez!

Bertzalde, martxoaren 11 borobiltzeko, Gure Esku Dago bertso afaria izanen da Ekaitza Elkartean, Iker Zubeldia eta Sebastian Lizaso bertsolariekin. Afarirako txartelak salgai daude herriko ostatuetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun