Ttiki-ttikitatik maite ditu Idoiak herriko inauteriak. Etxetik datorkio zaletasuna. Halaxe onartu digu, euren etxean belaunaldiz-belaunaldi pasatu den zerbait izan dela, «atautxik amari, eta amak niri». Izan ere, «gure atautxi zena, amaren atta, Mozorro Zuri ateratzen zen. Argazkiak ere baditugu lehenagoko Mozorroen arropekin jauntzita. Baserrietan ibiltzen ziren, eta amak nola ibiltzen ziren kontatzen zigun. Amak ere gustukoak ditu inauteriak».
Ez ditu atzenduak haurra zela Mozorro Zuriak bere etxera hamaiketakoa egitera joaten zireneko momentuak. Mozorro Zuriek bihurri fama badute, eta Idoiak ere gogoan ditu neskatoa zela etxean ikusitakoak: «noizbait, gu enteratu gabe, zinta islantearekin bildu ziguten etxeko telefonoa. Gero, telefonoa jo eta jo hasi zen, eta guk ezin hartu». Attak garajean edukitzen zuen vespa motorra hartu eta bueltaka ibiltzen zirela ere aipatu digu. «Eta gu kontent», dio irriz.
Gaztaroan, «besta ederrak» eginez pasatu zituen inauteriak. Emakumeen Afarira «tarteka» joaten zela adierazi digu. Eta oraingo gaztetxoek halakorik ezagutu ez badute ere, lehen inauterietako ortziraletan buzoaren eguna izaten zela oroitarazi digu: «denak Laminazioneseko buzoekin ateratzen ginen». Larunbata «egun haundiena» izaten omen zen: «denak mozorrotzen ginen», eta igandean bazkaria. Gaztetxoa zela, neska batzuek Mozorro Zuri ateratzeko saiakera ere egin omen zuten, baina bere horretan gelditu zen. Aurten, ordea, lehenbiziko aldiz emakumezkoak ere aterako dira Mozorro, eta berria pozik hartu du: «gauza eta tradizio guztiak eboluzionatzen doaz».
Guraso denetik, berriz, egunez familiarekin eta gauez lagunekin mozorrotuz ospatzen ditu inauteriak. Gustuko baitu mozorrotzea: «gure identitatea gordetzen dugu, ez gaituzte ezagutzen, eta bertze itxura bat hartzen dugu. Gainera, negua da, eta neguan ez gara hainbertze ateratzen...». Are gehiago, herriko bestak baino nahiago ditu: «gehiago gozatu izan dut inauterietan. Bertze xarma bat dute eta herrikoiagoak dira». Zerbait aldatzekotan, haurrak mozorrotzen diren larunbat arratsaldeko tartea eginen omen luke, «indartu egin beharko litzatekeela» uste baitu.
Gorriz markatutako eguna
Hutsik egin gabe mozorrotzen da inauterietan. Eta mozorroren bat aukeratzeko eskatuta, garbi du zein: «joaldunez jauntzi ginenean pasatu genuen hobekien. Ardi-larruarekin, joareekin... Herri guztian barna pulunpa soinuan ibili ginen». Irriz gaineratu digu: «ostatuetan sartzen ginenean, jendea ingurutik joaten zen, ardi-larru usainagatik. Baina guk primeran pasatu genuen». Aurtengo mozorroa prestatzen ere hasiak omen dira, nahiz eta ez digun aitortu zein izanen den. Jakin-nahi horrekin utzi gaitu, baina aurpegi estaliarekin ala ez, badakigu ez dela etxean geldituko, berak eta bere lagun kuadrillak «larunbata guretzat erreserbatua dugulako».