Gobernuaren larrialdien kudeaketa-sisteman sartzen den lehen udalerria da Bera

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 7a, 07:31

Nafarroako Gobernuko Beaumont kontseilariak eta Josu Iratzoki Berako alkateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, udaltzainak dituzten udalerri guztiak plataforma teknologiko horretan sartuta daudenean 

Nafarroako Gobernuak eta Berako Udalak polizien komunikazioko tresnak partekatzea hitzartu dute, Foruzaingoaren eta aguazilen artean larrialdien baterako kudeaketa egiteko, TETRA teknologia digitaleko irrati-sistemaren bitartez.

Akordio hori arautzen duen lankidetza-hitzarmena berriki sinatu dute Nafarroako Jauregian Maria Jose Beaumont Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak eta Josu Iratzoki Berako alkateak. Lankidetza horren azken helburua da Foru Komunitatean segurtasun publikoko zerbitzu «eraginkorra, azkarra eta integratua» sortzea.

Era horretan, Bera izango da TETRA irrati-sisteman sartzen den albiente-zerbitzudun lehenengo udalerria, Nafarroan udaltzaingoa duten udal guztiak baitaude dagoeneko sistema horretan sartuta. Honako hauek, hain zuzen ere: Altsasu, Antsoain, Barañain, Berriozar, Burlata, Castejon, Cintruenigo, Corella, Lizarra, Noain- Elortzeko Harana, Iruña, Peralta, San Adrian, Zangoza, Tafalla, Tutera, Atarrabia, eta Zizur Nagusia.

Hitzarmen horri esker, Foruzaingoak eta Berako Udalak larrialdietako sistema bakarra partekatuko dute, polizia- eta segurtasun-baliabideen erabilera koordinatua eta eraginkorra lortzeko. Larrialdi baten aurrean, Foruzaingoaren Agintaritza eta Koordinazio Zentroak aguazilen kokalekua ezagutuko du geo-kokapenerako sistema baten bitartez, eta aguazilak zuzenean komunikatu ahal izango dira aipatutako zentroarekin, portofonoen bitartez.

Berako Udalak hartuko ditu bere gain irrati-telefoniako terminalak erosteko, programatzeko, kontserbatzeko eta horiek GPS sistemara egokitzearekin lotuta sor daitezkeen gastuak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun