Bertako produktuen merkatua egin gogo du Berako Udalak hilabetean behin

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 20a, 09:11
Joan den urteko apirilean, garai bateko feria berreskuratu zuten Beran. Orain, hilabetero bertako produktuen merkatua egiteko asmoa dute.

Baztan-Bidasoaldeko ekoizleekin bildu nahi du, datak zehazteko

Berako Udaleko Garapen Batzordearen kezka haundienetako bat bertako ekoizleek eta baserritarrek bizirauteko dituzten arazoak dira. Lehenbiziko sektorearen egoera hau hobetzeko neurrien artean, produktuen salmenta zuzena bultzatzea neurri ona iduritzen zaio Udalari. Ildo horretan, Baztan-Bidasoaldeko ekoizteen merkatua hilabetean behin antolatzeko asmoa du.

 

«Gero eta gehiago aditzen dugu, bertako produktuak eta ahal bada ekologikoak, kontsumitzeak duen garrantzia, bai gu guztion osasunerako, bai bertako ekonomiarendako eta baita gure ingurunea babesteko ere», dio Udalaren oharrak. Bide horretan, Baztan-Bidasoa eskualdeko ekoizleen merkatua antolatzeko asmoa du Berako Udaleko Garapen Batzordeak. Honetarako, «ekoizleak animatu nahi genituzke Berako Udalarekin harremanetan jartzera, jakiteko zenbat ekoizle eta zein produkturekin prest egonen liratekeen merkatu honetan beraien produktuak eskeintzera».

Hasiera batean hilabetean behin, larunbat goizez, eginen litzateke merkatu hau, baina bai datak eta gainerakoak zehazteko parte hartuko luketeen ekoizleekin bildu nahiko luke Berako Udalak.

Interesatuak Berako Udalarekin harremanetan jarri daitezela eskatu dute, otsaila baino lehen ahal bada, bera@bera.eus emailera idatziz merkatua aipatuz edo 948 012 012 telefonora deituz. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun