Ander Errandonea eta Iñigo Martinez pilotari beratarrek profesionaletan debuta eginen dute

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 16a, 12:50
Ander Errandonea eta Iñigo Martinezek aste honetan sinatu dute kontratua Aspe enpresarekin.

Bi urterako kontratua sinatu berri dute Asperekin eta urtarrilaren 2an jokatuko dute lehen partida Tolosan

Gaur egun ez da xamurra esku pilotan profesionaletan debuta egitea. Aldi honetan, ordea, Berako bi pilotari gaztek batera eginen dute profesionaletarako saltoa. Ander Errandonea aurrelariak eta Iñigo Martinez atzelariak Asperekin bi urterako kontratua sinatu berri dute eta estreineko partida urtarrilaren 2an jokatuko dute Tolosako Beotibar pilotalekuan. Errandoneak Tolosa izanen du lagun gibeleko koadroetan eta Martinezek Retegi Bi izanen du aitzinean.

 

Bata nahiz bertzea ilusioz gainezka ageri dira bere lehen kontratu profesionala sinatu ondotik.  Errandonearenzat profesionaletan hastea «urrats handia da, baina behin horrat ailegatuta, oraindik gehiago hobetu behar dugu». Martinez ere iritzi beretsukoa da, «eman diguten aukera aprobetxatu beharra daukagu eta kategoria berrira lehenbailehen egokitu, urrats ttikiak ematen hasteko».

 

Azken partida garrantztsuak afizionatutan

Bi pilotariak Bankoz-DV afizionatu mailako txapelketan ari dira orain. Martinezek joan den larunbatean lortu zuen finalerako txartela, Eneko Labakarekin bikote eginez. 22-12 irabazi zieten finalerdian Sancho eta Sarasari. Joan den urtean txapelketa hau irabazi zuen Martinezek Zubizarretarekin promesas kategorian eta orain senior mailan izanen du aukera.

Ander Errandoneak orain dauka finalean sartzeko aukera. Larunbbatean Elgetan jokatuko du bigarren finalerdia, Iruritarekin batera, Peru Labaka eta Arratibelen kontra.

Beraz, Berako bi pilotariak sailkatu daitezke abenduaren 23an Zumarragako finalera. Bat segurua eta bertzeak aukera duela kontuan harturik, egun horretarako autobusa antolatu dute Beran. Txartela 15 eurotan salgai dago Agara pentsa dendan eta abenduaren 19a, astelehen arratseko 8ak baino lehen eskuratu behar da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun