Joxe Juan Zubieta "Etxabek", Eneko Abasolo "Abarkas"ek eta Julen Zelaietak irabazi dute Bortzirietako XVIII. taldekako lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 12a, 07:06
Bortzirietako taldekako lehiaketan parte hartu duten hainbat bertsolari, antolatzaile eta laguntzaile sari banaketaren ondotik.

Kotto saria Xabi Maia Elizondoarrarentzat izan zen, puntua jarri eta 9ko ttikian botatako bertsoarengatik

Joan den larunbatean jokatu zen Bortzirietako bertso eskolak hemezortzigarren aldiz antolatu duen Taldekako bertso lehiaketa. 24 izan ziren bertan parte hartu zutenak. Aurten, eskualdeko bertsolariez gain, Bilbo eta Zumarragako bertsolariek ere parte hartu zuten. Bortzirietako bertsolariak, Euskal Herriko bertso eskolen arteko “Bertso Truk” ekimenean murgildurik dabiltza eta aurten Bilbo eta Zumarragako bertso eskolei Taldekako lehiaketan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete. Bilbo eta Zumarragako bertso eskoletako kideez gain, Mungiako eta Iurretako bertso eskoletako kideek ere parte hartu zuten. Azken urteetan Bortzirietako Bertso eskolak joan etorriko desafioak antolatu ditu Mungia eta Iurretako bertso eskolakoekin eta hauek ere lehiaketan parte hartzera animatu ziren.

Aurtengo lehiaketak berezitasun bat izan du. Bertsolariak banaka hasi ziren kantari eta taldeak finalerdietan osatu ziren. Erran bezala, 24 izan ziren kantari parte hartu zutenak. Larunbat eguerdian Berako Xuga ostatuan 6 bertsolariko 3 saio jokatu ziren eta bazkal ondotik 4 bertsolariko saio bat. Bertan, bertsolari bakoitzak ofizioka 3 bertso bota behar izan zituen, egokitu zitzaion ariketan (zortziko haundian, zortziko ttikian edo hamarreko ttikian) ondotik, puntu banari erantzun behar izan zioten eta akitzeko, zozketaz, erdiek hitz bat gai gisa hartu eta bertso bana bota behar izan zuten eta bertze erdiek aldiz objetu bat gai gisa hartu eta horri bertso bat bota behar izan zioten.

Behin bosna bertso bota ondotik, punturik gehien zuten 12 bertsolariekin, suge sistema erabiliz,finalerdiak jokatuko zituzten 4 taldeak osatu ziren.

Lesakako Zialdo Ostatuan jokatu zen lehenengo finalerdia. Bertan, Joxe Juan Zubieta “Etxabek” (Lesaka), Eneko Abasolo “Abarkasek” (Iurreta) eta Julen Zelaietak (Bera), finalera sailkatzea lortu zuten, Alazne Untxalok (Ituren) Manu Goioganak (Irun) eta Maddalen Lopezek (Lesaka) osaturiko hirukotea menpean hartu ondotik.

Bigarren finalerdia Haizegoa ostatuan egin zen eta bertan, Kotte Plazak (Irurita) Xabi Maiak (Elizondo) eta Antton Fernandezek (Zumarraga) lortu zuten finalerako txartela. Iker Gorosterrazu (Ituren), Eneko Fernandez (Lesaka) eta Jone Larrinagaren (Mungia) aurka puntu gehiago atera zituzten 2 baztandarrek eta Zumarragarrak.

Finala Lesakako Arrano elkartean jokatu zen, afal ondotik. Parte hartzaile, trikitilari, epaile, bertsozale,...giro ederra sortu zen Arranoko goiko gelan. Saio berdindu baten ondotik, epaileek puntuak batu eta berdinketa suertatu zen. 3 epaile izaki, epaileen postuen arabera erabaki zen lehiaketako irabazlea. Bi epailek talde bat zuen aintzinetik eta bertzeak bertze taldea. Azkenean estu eta larri baina Joxe Juan Zubieta “Etxabe”(Lesaka), Eneko Abasolo “Abarkas”(Iurreta) eta Julen Zelaieta izan ziren irabazleak.

 

Kotto Saria Xabi Maiarentzat

Finalaren ondotik, sari banaketa egin zen. Xabi Maia Elizondoarrak irabazi zuen, bertsorik onenari ematen zaion Kotto saria eta beraz urtebetean bere esku egonen da Josu Goiak 2006an egindako irudia. Xabik, Haizegoan jokatutako finalerdian 9 puntuko neurrian botatako puntu erantzuneko bertsoari esker eskuratu zuen sari preziatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun