Abenduko Kultur Eguneko ekitaldi ugariak prest dituzte Igantzin

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko abe. 5a, 07:05
Donostiako Zinemaldian arrakasta izan duen 'Gutik Zura' dokumentala ikusgai izanen da ortziralean eta Mari Jose Barriola zuzendariarekin solasteko aukera ere izanen da.

Abenduaren 8an ajoarriero lehiaketa ere antolatu du Biltokik

Igantziko Euskara Batzordeak prest ditu dagoeneko aurtengo abenduko kultur egunak. Programa oparoa prestatu du batzordeak, eta herritarrei dei egiten die ekitaldietan parte har dezaten.

 

Azken urteotan egin bezala, Igantziko Biltoki arduratu da abenduaren 8ko ekitaldien antolaketaz. Ortzegun eguerdian hasita, toka txapelketa izanen da frontoian. Ordu berean, frontoian bertan, ajoarrieroa prestatzen hasiko dira lehiaketan izen eman dutenak. Ondotik, 13:00ak aldera, ajoarrieroa dastatzeko aukera izanen da, eta zozketak eta sari banaketak eginen dira. Arratsaldeko 6:30etik aitzinera, opil jatea izanen da frontoian bertan.

Abenduaren 9an, ortziralean, bigarren urtez, haur eta adinekoen arteko joko topaketa eginen da, 16:30etik aitzinera, Baratzondon. Topaketa honen helburua da he­rriko haurrak eta adinekoak elkartzea, eta adinekoek gazteei garai bateko jokoak erakustea haurrei. Ondotik, 18:00etan, bertan gaztain jatea izanen dute. 19:00etan, Gutik Zura dokumentalaren emanaldia izanen da, Eskolzarren. Dokumental hori aurtengo Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten Jon Maia eta Mari Jose Barriola zuzendariek, eta euskal herritarrek historian zehar gaur egunera arte zurarekin izan duten ha­rremanaren berri ematen du. Barriola zuzendaria bertan izanen da, dokumentala aurkezten. 22:30ean, Oihan Vegaren Euskararen espektakulue izeneko monologoa izanen da, Baratzondon.

Abenduaren 10ean ere, haurrentzako ekitaldiak izanen dira Baratzondon. Arratsaldeko 4etan hasita, Tor Magoarekin tailerra izanen dute, eta hainbat trikimailu ikasi ahal izanen dituzte. Ondotik, Tor Magoaren emanaldia izanen da. Bukaeran, 6:00ak aldera, txokolatea banatuko dute. Arratsaldeko 7etan, Oihana Txoperenarekin solasaldi bat izanen da Eskolzarren, Nire ibilbidea fisikaren eskutik izenburupean. Oihanak aurtengo apirilean defendatu zuen bere tesia Euskal Herriko Uniber­tsitatean, eta herritarrei bere esperientziaren berri emanen die. Gaueko 9etan, antzerki emanaldia izanen da Bara­tzondon. Nomofobikak taldea etorriko da, Sarean kateatuak lanarekin. Nomofobia aitzakia­tzat hartuta, hiru emakumek ikusleekin batera terapia bati eginen diote aurre.

Abenduaren 11n, igande eguerdiko 12etatik aitzinera, herriko dantza taldeak emanaldia eskainiko du, herrian barrena. Kultur egunei bukaera emateko, igande arratsaldeko 6etan Lesakako Hiruklun antzerki taldeak Vini, Vidi, Vinci antzezlana eskainiko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun