Urriaren 29an, Aitziber Almandoz Larralde, herriko gazteak, "Su galduaren bila" izeneko arnas fisioterapiako teknikak azaltzen dituen bere ipuina aurkeztuz, hasiera polita eman zitzaion asteburuari. Arratsean, Anje Duhalderen kantaldian ere, jende multzoa hurbildu zen eta Gure Esku Dago dinamikaren alde, herritar batzuk egindako opil goxoak dastatu ahal izan zituzten bertaraturikoek.
Igandean, Niala magoak, magiaz hornitu zuen arratsaldea.
Astelehen arratsaldean, 60 lagun bildu ziren Anjel Oiarbide Gure Esku dago mugimenduko bozemaileak eskainiriko solasaldian. Bortzirietako Gure Esku dago dinamika lanean ari da eta horren berri jaso zen, bertzeak-bertze, heldu den urteko udaberrian, Bortziriak, erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketen olatura batu baita. Bi egunez, 1943. urtean, Eguzkialdea auzoan erori zen gerrako hegazkin alemaniarraren inguruko argazki eta datu erakusketa izan zen baskulan, herritar batzuk erreskate lanetan parte hartu baitzuten, tartean, adinekoen testigantzak ere bai.
XXI. Baserritarren Eguna
Azaroaren lehenean, Ekaitza Elkarteak antolaturiko 21. Baserritarren Eguna ederki iragan zen. Ahariak, txoriak, pottokak, ukenduak, gozokiak, barazkiak, zerrikiak, eskulanak, taloak, egutegiak, kamisetak... erakusketa eta salmenta postuak eta guraso elkarteak jarritako ostatua zeuden urtero bezala. Herriko trikitilari eta panderojoleek ere saio polita egin zuten. Gazta lehiaketan, 10 gazta aurkeztu ziren: Otsarra baserriak irabazi zuen(60 €) ; bigarren, Serorinbordako Margari Madariaga (40 €. Gainera, Berako Lurraren egunean ere bigarren saria hartu zuen); eta hirugarren, Morenbaitako gazta (20 €). Ahari lehiaketan, bi sariak Simoneko aziendentzat izan ziren (50€ eta 25€). Bertako produktuez osaturiko zarea, Xebe Iparragirreri tokatu zitzaion.