Urrezko eta Diamantezko Ezteiak ospatu dituztenak omendu ditu Lesakako San Fermin elkarteak

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 24a, 11:11
Laura Prietok Aurreskua dantzatu zien plazan omenduei.

Aurtengoan Kasino jatetxean eginen dute bazkaria

San Fermin jubilatu Elkartearen Eguna urriaren 21ean, joan den ortziralean ospatu zuten. Aurten ere, Diamantezko eta Urrezko Ezteiak ospatzen dituzten bikoteei eta 85 urte betetzen dituzten bazkideei omenaldia eskaini nahi zien erretiratuen elkarteak. Aurten 85 urte betetzen dituzten pertsonak badira herrian, baina, arrazoi ezberdinak medio, bakar bat ere ez zen animatu ortziraleko ospakizunean parte hartzera. Urrezko Ezteiak ospatzen dituzten senar-emazteen artean, Kontxita Telletxea Telletxea eta Ramon Fagoaga Goia izan ziren ortziraleko ospakizunean. Diamantezko Ezteiak, berriz, Garaiar baserriko Gloria Maia Anduezak eta Antonio Telletxea Estradak ospatu dituzte.

 

Meza Nagusiaren ondotik Laura Prietok Aurreskua eskainiko zien plazan omenduei, Joseba Etxepare txistuarekin eta atabalarekin lagun zuela. Gero bazkaria izan zuten Kasino jatetxean. Bazkalondoan, omenaldiak egin zituzten eta  elkarteak antolatutako txapelketa ezberdinetako sariak eta trofeoak banatu zituzten, dantzari lotu baino lehen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun