Lan baldintzak salatu dituzte Zalaingo lantegiko greba egunean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urr. 4a, 08:32
Asteleheneko greba egunean elkarretaratzea ere egin zuten Zalaingo langileek.

Prozedura eta instalazio guztiak errebisatu behar direla uste dute langileek «egoten ahal diren bertze segurtasun gabeziak detektatu ahal izateko»

Zalain Transformados lantegian izandako lan istripuan hil zen Agustin Portu, 64 urteko langilea irailaren 28an. Heriotza hori salatzeko eta familiari elkartasuna adieraziz, bi orduko geldialdia egin zuten langileek irailaren 30ean eta 24 orduko greba urriaren 3an. Langileen Batzordeak bizi dituzten lan baldintzak salatu dituzte, «gure osasunarentzako seguruak ez diren lan baldintzekin, gure kidea zenaren heriotzak frogatzen duen moduan». 

 

Horregatik, zuzendaritzari istripua gertatu zen egoera zehatza argitzeko beharrezkoa den esfortzu guztia egitea eta berriro gertatzeko arriskua desagerraraztea exijitu diote. Batzordearen ustez, «segurtasun eskasiak enpresatan biziak eta osasuna arriskuan paratzen ditu, honek 180ºko aldaketa behar du» eta uste dute prozedura eta instalazio guztiak errebisatu behar direla, egoten ahal diren bertze segurtasun gabeziak detektatu ahal izateko.

Langilea erreanimatzen saiatu ziren lankideei eta bertze lankideei ere animoak ematen dizkiete Langileen Batzordetik: «Komitea behar duten guztirako egonen da eta denon artean aintzinera joan ahal izanen gara. Modu berean, ailegatu zaizkigun elkartasun mezu guztiak eskertu nahi ditugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun