Aitzineko hilabeteetako lanek bere fruitua eman zuten joan den larunbatean Arantzan. Arantzako Gazte Asanbladak antolatutako 21. Arantza Rock jaialdia ederki atera zen. Jende dezente hurbildu zen Katez, Sorkun, Enkore eta Skasti taldeen kontzertuak ikustera eta plazan giro ederra sortu zen. Bisitariak aunitz izan ziren, baina jaialdia aitzinera ateratzeko lanean aritu ziren herritarrak ere ez ziren gutti izan eta Gazte Asanbladatik herritarren auzolana azpimarratu nahi izan dute.
Iragarri bezala, egun horretan egin zen aitzinetik saldutako boletoen zozketa ere. Lehenbiziko zenbaki saritua 0378 zenbakia izan da eta honen jabeari Euskal Herriko landa-etxe batean bi lagunentzako asteburu bateko egonaldia tokatu zaio; bigarren saritua 0334 zenbakia izan da eta honek Arantzako Aterpen hiru lagunentzako afaria irabazi du; hirugarren sarituak, 1.746 zenbakiaren jabeak, Bortzirietako liburu-denda batean gastatzeko 50 euroko bonoa izanen du.
Saridunek hilabete bateko epea izanen dute agertzeko.