Maiatzeko Merkatua prestatzen hasi da Igantziko Euskara Batzordea

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 25a, 09:18
Azkeneko merkatuaren irudia, Igantziko pilota plazan.

Auzoen errotulaziorako erabiliko da maiatzaren 22an eginen den azokan lortutako dirua

Aurten Igantziko Euskara Batzordeak berriz antolatuko du merkatua, maiatzaren 22an. Beraz, herritarrei eskatzen zaie merkatu horretarako egiten ahal dituzten aportazioak, ematen ahal dituzten puskak... altxatzen joateko. Aurtengo merkatuan bilduko den dirua errotulazio kontuetarako izanen da berriz. 

 

Izan ere, auzoetako errotulazioa behar bezala bukatzea falta da, eta gainera herriko ikuspegia izanen duen panel bat ere egin nahi da.

Horrez gain, batzordeak azpimarratu nahi du merkatu honek duen garrantzia horrelako proiektuak aitzinera eramateko. 2013an 3.000 euro bildu ziren merkatuan, eta horri esker Igantziko Gida berritu ahal izan zen, etxeen errotulazioa martxan paratu zen eta auzoen errotulazioa ere egin ahal izan da, baita kultur egunetako hainbat gastu ordaindu ere.

 

Auzoen errotulazioa

Dagoeneko paratzen hasiak dira auzoetako panel berriak. Lehengo panelak 1999an paratu ziren, eta zaharkituak gelditu zirenez, batzordeak horiek berritzea pentsatu zuen. Estruktura berak probestu dira, eta mapak berritu dira. Proiektua udalak finantzatu du, baina horretara bideratu da Euskara Batzordeak 2013an antolatu zuen merkatuan bildutako diruaren zati handiena.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun