Azaroaren 25aren inguruko ekintzak jendetsuak suertatu dira Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 27a, 12:35

Toki Ona institutuko ikasle eta irakasleek Berako kiroldegian egin zuten elkarretaratzea.

Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Goldatz Berako Emakume Talde Feministak balorazio baikorra egin dute

Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen zela eta, hainbat ekintza gauzatu ari dira Bortzirietan, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eta Goldatz Berako Emakume Talde Feministaren eskutik. Orain artekoaren balorazio positiboa egin dute bi erakundeek.

 

Goldatz taldeak antolatuta, azaroaren 20an Pintxo-pote morea egin zuten Berako ostatuetan eta azaroaren 22an, Hamaika TBren ‘Ertzak. Eraso sexistei aurre egitearen zilegitasuna’ bideoa eskaini zuten Beralandetan.

Azaroaren 25ean, asteazkenean, Berako Toki Ona ikastetxeak bultzatuta, elkarretaratzea egin zuten kiroldegian. Hasiera batean atarian egitekoa zen, baina eguraldi kaxkarra zela eta kiroldegiko babesean egin zuten. Aipatzekoa da urriaren 27 eta 28an autofedentsa ikastaroa eta maskulinitate eredu berriak ere landu zituztela institutuan eta 16 urteko 100 ikaslek parte hartu zuten.

Mukixu zubian, berriz, Goldatz Berako Emakume Talde Feministak deituta elkarretaratzea egin zuten, beltzez jantzita. Aitzinetik, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuek bultzatuta, Montxo Armendarizen No tengas miedo filma eskaini zuten Beralandetan.

Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren inguruko ekitaldi gehienak gauzatu dira Bortzirietan, baina oraindik bat falta da. Azaroaren 28an, azkenik, Arantzako Udalak bultzatuta, Lilja 4ever filma eskainiko dute larunbat arratsaldeko 6etan Baskulan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun