Usategietako tradizioaren besta ospatu dute igandean Lizarietan

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 29a, 08:41
Migel Mari Irigoien eta Battite Laborde alkateek hitzarmena berretsi zuten, Isabel Elizalde kontseilaria lekuko zutela.

Etxalar eta Sarako udalen arteko 2011ko hitzarmena berretsi zuten

Usategietako tradizioaren besta irailaren 27an, igandean ospatu zen Lizarieta inguruan eta berriz ere, saratarrak eta etxalartarrak elkartzen dituen mugan bi herrietako ordezkaritza zabala bildu zen, eguraldi eguzkitsu eta goxoa lagun. Duela lau urte sinatutako ehizari buruzko hitzarmena berretsi zuten Migel Mari Irigoien eta Battite Laborde alkateek eguerdian, Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Toki Administrazio Ingurumen eta Lurralde Antolaketarako kontseilaria lekuko zutela, baina bertze hainbat ekitaldi izan ziren.

 

Goiz osoan eskulangileen lanak ikusgai eta erosgai izan ziren eta paleta egite erakustaldi partehartzailea ere egin zen, baita puzgarriak haurrentzat eta taloak denentzat. Sarako Ondareak prestatutako “Usoak Sarean” erakusketa ere ikusgai izan zen. Aspaldian jokatzen zen “Botaluze” pilota partida ikusteko aukera izan zen. Makila edo karote botatzeko txapelketa jokatu zen, Sara eta Etxalarko taldeen artean. Sarako taldean Daniel Calvet, Yoan Uhart eta Mattin Oronoz aritu ziren eta Etxalarkoan Joseba Danboriena, Jabier Galarregi eta Iñaki Zubieta. Taldeka Sara nagusitu zen eta bakarka Daniel Calvet izan zen makila urrutien bota zuena, Jabier Galarregiren aitzinetik.

Eguerdian 2011ko irailaren 4ko Sara eta Etxalar arteko  hitzarmenaren sinadura berretsi zuten Migel Mari Irigoien eta Battite Laborde, Etxalar eta Sarako alkateek, Isabel Elizalde kontseilaria lekuko zutela. Kañamares aita-semeak aizkorarekin, arpanarekin eta motozerrarekin erakustaldia eskaini zuten, 300 bat lagun bildu zituen aretxe-jatea izan zen Lizaietako zelaian, Sarako “Saranga” gaitariekin eta kantu tradizionalekin animatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun