Txamukos mariatxi taldeak debuta egin du inauterietan

Nerea ALTZURI 2015ko ots. 19a, 09:01

Elurrak eta hotzak ez zuten inauterietako giroa zapuztu. Ederki joan ziren hiru egunak. Nerea ALTZURI

Beñat Mitxelena eta Jon Koldo Arburua taldean ari dira

Aurtengo inauterietan Txamukos mariatxi taldeak bere lehenbiziko emanaldia eskaini zuen. Larunbatean, poteoko giroa bideratu zuen eta giro ederra izan zen.
 
Irailean hasi­ zen taldea entsaiatzen. Hasieran, helburuak sobera finkatu gabeak bazituen ere, Arantzan jotzeko aukera atera zenez, urte hasiera­tik ortziral edo larunbate­tan entsaiatzen aritu­ dira­ Lesakako Kultur Etxean.
 
Sei musikarik osatzen dute taldea eta tartean bi herritar: Beñat Mitxelena akordeoiarekin eta Jon Kol­do Arburua gitarrarekin. Bertze taldekideak, berriz: Lesakako Mikel Iriarte eta Xabier Arrio­la tron­­petare­kin eta Egoitz­ Telletxea gi­tarroiare­kin, eta Fernando Otano oibar­tarra aho­tsean.
 
Mariatxiak jotzen dituzte eta aipatu digutenez, euskarazko ber­tsioak­ prestatzen ari dira­. Gerora begira maria­txiez gain, kanta ezagun ba­tzuen mariatxi bertsioak ere konposatu nahi dituz­te. Norteño batzuk jotzea ere pen­tsa­tua dute.
 
Herrian hagitz gustu­ra gelditu ziren, emanaldiak harrera ezin hobea izan zuelako. Hala ere, euren emanaldiaz gozatu nahi dute­nek ber­tze aukera Lesakako Koxki­lla ostatuan izanen dute, otsai­laren 28an, 23:30­ean. Aitzinera be­gira seguru kontzertu gehiago eskainiko dituz­tela. Zorte on!
 
INAUTERIAK
Neguak bere kolorea eta tenpera­tura eraku­tsi­ ditu aurtengo inauterie­tan, baina giro paregabea izan da. Mozorro Zuriek eskea ortzegun eta ortzira­lean egin zuten eta eskolako haur eta gazte­txoek ortziral eta larunba­tean. Ortzegunean, esko­lan mo­zorroei paperezko eta kolorezko bizkarrekoak paratu eta dantzatu ondo­tik, arratsaldean he­rri-kirol saio polita eskaini zuten ikasle, irakasle ta gurasoek frontoian.
Ortziral arratsean ber­tso afaria Aterpean eta emakumeen afaria Burladan egin ziren. Andoni Egaña eta Amets Arzallu­sek 03:00ak arte luzatu zuten afalondoa eta gero besta Gorape aldera lekualdatu zen.
 
Larunbat arratsaldean, haur eta gurasoek mozorrotuta kalejira egin zuten trikitilariekin eta ondotik berendua egin zuten. Ilunabarrean, Mozo­rroen herri kirol saioa eta aizkora apustu mistoa izan ziren frontoian. Etxez-etxe edo base­rriz-base­rri oparitu edo herrian saldutako boletoen zozketa­ ere egin zuten. Urdaiazpikoa Exkerrenekobordara, kafe-makina Zakutenera eta txorigorotza Aien­tsako Errentenekobordara tokatu ziren.
 
Afaltzen eta afalondoan ere giro paregabea izan zen herrian barna. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun