2013an martxan paratutako “Bakea eta bizikidetza” planaren baitan, iraganaz, orainaz eta etorkizunaz aritzeko, herritar guztiei irekitako hiru saio antolatu ditu Berako Udalak, Auzolanean bakea eraikitzen lelopean. Bidezko bakea eta memoriaduna eraikitzea da helburua, iragana argituz, oraina normalizatuz eta etorkizunean adiskidetzea lortuz. Saioetako bakoitzak gai horietako bat landuko du.
Hiru ortzegunez izanen dira saioak, arratsaldeko 7etan, Beralandetan. Lehenbizikoan, otsailaren 19an, Paco Etxeberria ariko da, Iragana: egia, justizia eta erreparazioa gaia hizpide hartuta, gaztelaniaz. EHUko Lege eta auzitegi medikuntzako mediku espezialista da Etxeberria, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen bidez, Memoria historikoaren arloan egiten ari den lana abiapuntu hartuta eskainiko du bere hitzaldia. 2012ko abenduan Berako hilerrian irekitako hodi-komunako lanak zuzendu zituen Etxeberriak.
Bigarren hitzaldian, otsailaren 26an, Oraina: bakegintzaren ikuspegiak jorratuko dira. Baketikeko Iker Uson eta Foro Sozialeko Aitziber Blanco egungo egoeraren irakurketa kritikoa egingo dute, eta bakegintza sendotzeko bidean kontuan hartu beharreko elementuak aurkeztuko dituzte. Hitzaldia euskaraz izango da.
Hirugarren saioa, martxoaren 5ekoa, ez da hitzaldi bat izanen. Aitzineko bi saioetan landutako gaiak oinarri hartuta, herritarren partaidetzarekin, etorkizunaren inguruan hausnarketa partekatua egiteko ekimena izanen da, open space dinamika erabiliz. Euskaraz zein gaztelaniaz eginen da jarduera.
Ekitaldi hauen antolaketarako Baketiken laguntza izan du Berako Udalak.