70 lagun baino gehiago bildu dira ekintzaileentzako KEDADAn

Ttipi-Ttapa 2012ko abe. 5a, 11:45
Ekintzaileen kedadan beren esperientziak elkartrukatzeko aukera izan dute bertaratu ziren 70 lagunek.

Ekintzaile eta enpresa finkatuentzako topalekua izan da

Cederna-Garalur Elkarteak eta Bidasoa Bizirik ekimenak antolatu zuten jardunaldia. Azaroaren 27an, ekintzaile eta enpresa finkatuen topalekua izan zen Cederna-Garalur elkartearen egoitza Alkaiagan. Esperientziak eta ideiak elkartrukatu eta Nafarroako Mendialdean ekonomia-jarduera sortzeko helburuarekin antolatu dute lehenengo kedada.

Cederna-Garalur Elkarteak eta Bidasoa Bizirik ekimenak antolatu dute jardunaldia. Azaroaren 27an, ekintzaile eta enpresa finkatuen topalekua izan zen Cederna-Garalur elkartearen egoitza Alkaiagan. Esperientziak eta ideiak elkar-trukatu eta Nafarroako Mendialdean ekonomia-jarduera sortzeko helburuarekin antolatu dute lehenengo kedada.

Jendearen soslaia anitza izan da: turismo-sektoreko ordezkariak, zerbitzuetakoak, nekazaritzakoak, elikadura arlokoak, merkataritzakoak, inportazio eta esportaziokoak, patenteetakoak, natura-eremuetakoak, on-line salmentakoak, eta Irungo eta Oñatiko Mondragon Unibertsitateko kanpusetakoak.

Antolatzaileen erranetan «tailerretan parte hartu dutenen inplikazioak agerian utzi zuen giza kapitalaren garrantzia». Kedadak ondorio orokor batzuk ateratzeko ere balio izan zien. Esate baterako, enpresek landa eremuan ere garrantzia badutela zioten bertaratutakoek «enpresak ez dira soilik hiri handietan sortzen, Nafarroako Mendialdean ere bada enpresa-ekimena, eta enplegua ere sortzen da».

Esperientziak trukatzeko ekimenak beharrezkoak direla argi geratu zen eta horren ondorioz «esperientziak trukatzeko eremu partekatuak behar dituzte, ezagutza sortzeko gai izanen diren eremuak» behar direla diote. Krisiak aldaketarako aukera ere badakarrela ondorioztatu zuten «lan-modu berriak sortzeko aukera, eta ezertara ez garamatzaten jarrerak alde batera uzteko aukera». Horretarako, eskura dauden baliabideak erabili behar dira «Cederna-Garalur Elkartea, besteak beste, baliatu behar da halako ekimenak edukitzeko».

Jardunaldia hasierako ekitaldian, Peio Etxabidek (Lesakako alkatea), Maribel Lorenzok eta Isabel Elizaldek (Bidasoa Bizirik eta Cederna-Garalur Elkarteko zuzendari gerenteak, hurrenez hurren) hartu zuten parte. Ondotik, bi ekimen pribatuk (Altsasuko S. Koop. eta Comercial Respuestas Solidarias) beren esperientzien berri eman zuten, eta animoa jasotzearen eta eskuzabaltasunaren garrantzia azpimarratu zuten, baita ilusioari eusteak eta nork bere buruarengan eta proiektuan konfiantza edukitzeak duen garrantzia ere. Hasiera-ekitaldiari amaiera emateko, Daniel Madrazok Moderna programa aurkeztu zuen. Hala ere, partaidetzarako antolatu diren tailerrak izan dira jardunaldiaren ardatza; horietan parte-hartzaileek nahierara eman izan dute haien iritzia. 

Kedada ekintzailea Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatzen dute, "LGP 2007-2013, 4. Leader ardatza" programaren barnean, "LGP enpresak" proiektuaren bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun