Udan Lesakako Irain Eskolan obrak eginen dituzte, eta Beran, Zalaingo ur hornidura hobetuko da

ttipi-ttapa 2007ko eka. 13a, 11:48

Irain Eskolan moldaketa lan batzuk egiteko lanen adjudikazio deialdia zabaldu du Lesakako udalak. Gisa berean, Berako udala Zalain auzoko ur hornidura hobetzeko tramiteak egiten ari da.

Irain eskolan jangela eta gimnasioko teilatua

Udako opor aldia aprobetxatuz, Lesakako Irain eskolako teilatuaren zaharberritzearen lehen zatiari ekinen diote, hau da, jangela eta gimnasioko teilatua. Guzia berritzearen aurrekontua 158.000 eurokoa da, BEZik gabe, eta aurten lehen zatia besterik bukatuko bada ere, lau urtez luzatuko den obra osoa atera dute lehiaketara. Interesatuak diren enpresek uztailaren 11 arte izanen dute haien proposamena aurkezteko, eta haien proposamena onartua izanez gero, azaroaren 15a arte izanen dute lehen zatia bukatzeko.

Ur-hartzean Berako Zalain auzorako

Bestalde, Beran, Zalain auzoko ur hornidura hobetzeko iturri berriak hartzeko baimena eskatu dio Udalak Iparraldeko Ur Konfederazioari. Proiektuaren arabera ur-hartzeak, Sarraia, Montoia eta Txuriborda erreketan eginen lirateke, eta ur-iturriaren emaria segundoko 6,7 litrokoa izanen litzateke. Hartzen den ura 1000m kubikoko ur-biltegi batean bilduko da, eta hortik aitzinera, 160mmko hodi bat erabiliz banatuko da etxeetara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun