Bihar estreinatuko dute, duela urte bat gure eskualdean grabatu zuten filma

ttipi-ttapa 2007ko mai. 24a, 14:12

Igantzi, Lesaka eta Berako ikuspegiak eta etxeak agertzen dira baita herritar batzuk ere

Joan den urteko maiatz eta ekainean nagusiki gure eskualdean grabatutako Tuterako Miguel Angel Calvo Zuzendariaren lehen luzemetraia “Dos rivales casi iguales” ortziralean estreinatuko da Gipuzkoa eta Nafarroako lau zinema-aretotan. Politika mundua kritikatzen duen komedia honek bizki batzuen istorioa kontatzen du.

Duela urte bat, Miguel Angel Calvok zuzentzen zuen aktore eta teknikari taldea gure eskualdean egon zen Tuterarraren lehen luzemetraia grabatzeko. Plan gehienak Lesaka, Igantzi, eta Beran hartu zituzten, eta herritar batzuk filmean parte hartzeko aukera izan zuten figurante gisa. Ortziraletik aitzinera luzemetraian agertzen diren gure eskualdeko ikuspegiak, etxeak eta egun bateko aktoreak ikusten ahalko dira Iruñako Saide, Irungo Oskar, Donostiako La Brecha eta Oreretako ACEC zinema aretoetan.

Udal eta erkidegoetako hauteskundeetarako egun batzuk falta direla, Madril eta mendiko herri baten artean iragaten den komedia gaurkotasunarekin bat dator. Nacho eta Jaime pisudun familia handi bateko bizkiak dira, lehena Espainiako Gobernuko ministroa delarik, eta bertzea estatuko zirujau ezagunenetariko bat. Egoera lasai eta zoragarria guztiz aldatuko da Jaimek politikan hastea erabakitzen duenean. Ohar gabean bere eragina handituz joanen da, eta laster bere anaiaren aurka aurkeztuko da estatuko presidentearen kargurako. Herria dagoeneko nahasia bada dagoen eskaintzarekin, bizkiak diren bi anaien artean hautatzea oraindik zailagoa eginen zaio. Sentimenduak erabiliz, eta itxurak engainatzen duelarik komediak politika kritikatzen du.

Lan horren burutzeko 2.8 milioiko aurrekontua izan du proiektuak baita erkidegoetako hainbat telebisten laguntza ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun