Herri Kirol saioa berdintasuna eskatzeko

ttipi-ttapa 2007ko mar. 12a, 12:59

Aitzineko egunetan bertze hainbat ekitaldi antolatu zituzten helburu berarekin

Ortzegunean Nazioarteko emakume langilearen eguna ospatzen zen, eta horren karietara zenbait ekitaldi antolatu zituzten Bortzirietako Berdintasun Arloak, Bortzirietako Mankomunitateak eta Uxua emakume taldeak.

Ortzegunetik igandera emakumeek egindako lanen erakusketa ikusgai egon da. Ortziralean Igantziko zahar etxean ipuin kontalaria izan zen, eta Berako Zubiondo jatetxean afaria eta musika Mikel Salaberriren eskutik. Igandean Berako kultur etxean Patricia Cardosoren “ Las mujeres tienen curvas” filma ikusi ahal izan zen, eta eguerdian herri kirol saioa izan zen.

Eguerdiko 12:30ean jende multzo bat hurbildu zen Lesakako Plaza Zaharrera. Eguraldia primerakoa zen, eta pasako jendeak ere bertan geratzeko probestu zuen. Lehenik arpanean erakustalditxo bat egin zuten, eta segidan froga konbinatuan lehiatu ziren. Koxkor biltzen, txingekin, zakuekin, lasterka, disko goratzen eta arpanean aritu ziren bi taldeak. Modalitate guztiak ezagunak egin zitzaizkigun bat ezik. Disko bat soka bati lotuta zuten, eta gainean zuten makila erabiliz, diskoa igo behar zuten. Behin kirolariek hiru aldiz itzuli osoa egin zutela, erakustaldia amaitutzat eman zuten. Tresnak lekutu eta gomak hartu zuen protagonismoa. Zapatilak erantzi eta soka-tirarako bereziak zirenak jauntzi zituzten. Bi taldeak seikoak ziren eta kasu honetan ez ziren froga konbinatuko talde berak. 2 tiraldi egin eta jendearen txalo zaparrada artean amaiera eman zioten ekitaldiari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun