Igantzi-Bera errepide zatiko lanak laster hasiko omen dira

Gurutze PIKABEA 2007ko mar. 9a, 14:58
Lesaka, Etxalar, Bera eta Arantzako alkateak, Alvaro Miranda Nafarroako Herri Laneko kontseilariarekin eta obren arduradunarekin, otsailaren 28an egindako proiektuen aurkezpenean. TTIPI TTAPA

Obrak 2009ko martxorako akautzea espero da

Nafarroako Gobernuko Herri Lan Sailak aurkeztu ditu N-121A errepidean, Igantzi eta Bera arteko zati berria egiteko proiektuak. Errepide zatia bitan banatu dute: Igantzitik Etxalarko bidegurutzera lehenbizikoa; Etxalartik Bera bitartekoa bigarrena. Lehenbizikoa 21.941.517 eurotan esleitu da eta Etxalar-Bera artekoa 21.214.728 eurotan. Obrak 2009ko lehen hiruhilekoan akautuko direla aurreikusi dute.

Igantzi-Etxalar eta Etxalar-Bera errepide zatiak eraberritzeko lanak laster hasiko dira. Proiektua otsailaren 28an aurkeztu zuen Etxalarren Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikabideetako sailburuak gobernuko eta obren bertze ordezkariekin, Lesaka, Etxalar, Bera eta Arantzako alkateen ai-tzinean. Adierazi zuenez, «obrak hilabete eta erdi edo bi hilabete barru hasiko dira». Akitu, berriz, 2009ko martxoaren 30erako egitea espero dute. Errepide berriak 7,870 kilometro izanen ditu, eta 43,1 milioiko gastua izanen du.
Aipatu errpeideko lanetaz arduratuko dena Ecay-Andueza SL, Indeconsa eta Obrascon Huarte Lain SAk osatzen dute UTE izanen dela. Errepide berriak, zortzi lekutan zeharkatuko du Bidasoa ibaia zubiekin eta bi tunel izanen ditu: Basataundin eta Amisalaietan. Erreiak 3,5 metrokoak izanen dira, eta bazterretan 1,5 metro utziko dira. Tunel barruan, berriz, metro bateko mediana utziko da, eta neurri bereko espaloiak ere bai.
2006an istripuen kopuruak beheiti egin zuela aipatu zuen Mirandak, baina halere, erne egon behar dela adierazi zuen. Bide horretatik, lanen helburuetako bat, errepideko arriskua guttitzea zela erran zuen. Lanak bi zatitan eginen dira, 65. kilometrotik Etxalarko bidegurutzera eta handik Berako saihesbidea hasten den arte. Belatetik Irungo ardatzaren eraberritzearen zati bat dira bi proiektuok.

Errepidea eraberritutakoan, bide hau trafiko hazkunde handikoa izanen da. Alvaro Miranda sailburuak, trazatu berriak egoera horri aurre eginen diola erran zuen eta bide lasterren ezaugarriak izanen dituela. Hartara, ai-tzinatzeko erreiak izanen ditu trafikoa arintzeko, segurtasuna eta erotasuna areagotuz. Gisa berean, N-121A errepidea, Nafarroako Interes Orokorreko errepideen artean geldituko zela adierazi zuen. Gaineratu zuenez, eraikitzeko egitasmoak lan haundia izan dute.
Helena Santesteban Berako alkateak, bere aldetik, Nafarroako Gobernuaren lana nabarmendu zuen. Berako Udalak egitasmoari alegazio bat aurkeztu ziola aipatu zuen, Berako zelaiguneak errespetatzeko eskatuz. Gobernuak eginahal hori egin izana eskertu zuen Berako ordezkariak. Ber-tzalde, eskualdeko udalei segimendu batzorde bat eratzea proposatu zien Nafarroako Gobernuak, horrela, «egunean eguneko datuak bildu, eta arazoak zein irtenbideak elkarrekin trukatuz»

Bera-Endarlatsa errepide zatia lizitazio fasean

Bera-Endarlatsako zatia lizitazio fasean dago. Nafarroako Gobernuak otsailaren 19an baimendu zuen Bera-Endarlatsa errepidea berritzeko lanen kontratazioa, eta dagoneko aldizkari ofizalean argitaratua dela erran zuen. Proposamenak apirilaren 9a baino lehen aurkeztu ahal izanen dira. Lanak apirilaren 30ean esleituko direla aurreikusi zuen gobernuko ordezkariak. Bide zati honek 2,5 kilometro ditu eta 18.133.939 euro erabiliko dira horretan. Jakina denez, Endarlatsako errepide zatia Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoko Foru Aldundiak biek ordainduko dute. Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2004ko maiatzean sinatu zuten hitzarmena. Guztira 135 milioi euro inbertituko dira, eta horietatik 70 inguru Nafarroak ordainduko ditu; 60 Gipuzkoak.

Hildako bat istripuan

Nafarroako Gobernukoek IgantziBera errepideko proiektuak aurkeztu zituzten egun berean, bi ordu lehenago, istripu larria gertatu zen N-121A errepideko 62. kilometroan, Lesakako bidegurutzetik metro guttira. Ezagutzen ez diren arrazoiak tarteko, Iruñetik Irun aldera zihoan kamioi bat errepidearen bertze erreian sartu zen eta bertze aldera zetorren autoa harrapatu. Kamioia errepidean gurutzatua gelditu zen eta bertze kamoi batek ere talka egin zuen haren kontra.Kolpearen ondorioz, autoan zetorren Oihana Altuna irundarra, Lekarozko insitutuko irakaslea, hil egin zen. Berekin zihoan bertze lankideak zauri arinak izan zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun