Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna aldarrikatu du Euskara Mankomunitateak

ttipi-ttapa 2007ko ots. 20a, 12:38
Euskararen ofizialtasunaren aldeko elkarretaratzea egin zen Lesakako Plaza Zaharrean otsailaren 11n. TTIPI TTAPA

Oinarriak erakundeak larunbat honetan deitu duen manifestaziora joateko eskatu du

Oinarriak erakundeak euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan aldarrikatzeko kanpaina hasi du, eta, azken hilabetean, Nafarroako udaletan mozioak aurkeztu ditu. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak mozio hori onartu berri du eta honenbertzez «Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikari buruzko balorazio ezkorra» egin du». Mankomunitateak onartutako idatziaren arabera, «euskararentzat hagitz kaltegarria izan den politika honek, erdal hiztunen nagusitasuna babesteko balio izan du. Alta, gaur egungo hizkuntza politikarekin euskarak nekez lortuko du normalizazioaren helburua».

Mankomunitatearen ustez, Nafarroan bertze era bateko hizkuntza politika behar da euskararen normalizazioa lortzeko, eta horretarako aldaketa sakonak egin behar dira legeetan, azpiegituretan, irizpideetan eta jarreretan, bertzeak bertze. Hizkuntza politika berri horrek «euskara Nafarroako lurralde osoan ofiziala izatea ziurtatu behar du. Beraz, ofizialtasuna aitortuko dion lege-estatusa behar du euskarak Nafarroan». Gisa horretara, «nafar guztiek hizkuntz eskubide berberak izanen dituzte, eta euskara ondorio juridiko guztiekin erabili ahal izanen da Nafarroa osoan». Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen arabera, Nafarroako herritar guztiei dagozkie hizkuntza eskubideak, «euskara ezagutzeko, ikasteko eta erabiltzeko eskubideak, hain zuzen ere». Hori guztia lortuko da «hizkuntza plangintza eraginkorrak sortuz, tokian tokiko errealitatera egokituak, eta horiek gauzatzeko beharrezkoak diren baliabide juridiko, ekonomiko eta pertsonalak ezarriz». Euskara Mankomunitateak bat egin du otsailaren 26an Iruñean ofizialtasunaren alde eginen den manifestazioaren helburuekin eta aldarrikapenekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun