Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako plana aurkeztu da

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 14a, 11:08
Mikel Saralegi, Idoia Aranaz, Marisol Taberna, Patxiku Irisarri, Deñe Abuin eta Igor Portu, Bortzirietako Berdintasunerako Planaren aurkezpenean, ekainaren 15ea Aitor AROTZENA

Bortzirietako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako lehendabiziko planaren aurkezpena egin zuten ekainaren 15ean Etxalarko Kultur Etxean. Duela bi urte, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eskualdeko emakumeen egoera soziala aztertu z

Mikel Saralegik, Berdintasunerako Planaren historia laburra egin zuen. Azken hamarkadetan aldaketa ikusgarriak izan badira ere, oraindik ere emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ezberdintasunak badaudela azpimarratu zuen: «Azken hamarkadetan aldaketa ikusgarriak gertatu dira, esate baterako emakumezkoen presentzia nabaria lanean eta bizitza publikoan. Baina aurrepauso horien azpian emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak diraute: Munduan barrena pobreziak, analfabetismoak, biolentziak… emakumeak harrapatuak dituzte nabarmenki. Aldi berean, emakumezkoak esparru publikoan sartu badira ere, gizonezkoek ez dute modu berean egin esparru pribatuan. Familia-zamak emakumezkoen ardura dira oraindik. Hezkuntza-mailetan estereotipo sexistak erreproduzitzen dira eta, familietan ere, berdintasunekoak ez diren balioak trasmititzen ditugu. Modu berean, emakumezkoek nagusiki betetzen dituzten lanbideek prestigio gutxiago izateaz gain, baldintza eta soldata kaskarragoak jasaten dituzte. Aurreko datuek eta gehiagok erakusten dute sistema patriarkala indarrean dagoela, hau da, sexuaren arabera banatutako balio maskulinoak femeninoen gainetik daudela».

«Emakumeentzat ez dago aukera berdintasunik»

Duela bi urte Bortzirietako emakumeen artean egindako azterketaren ondorio nagusiak ere aipatu ziren prentsaurrekoan. Horren arabera, etxetik kanpo aritzen diren emakume gehienek (%82,7) zerbitzu pertsonaletan, ostalaritzan eta merkataritzan lan egiten dute. Lehentasuna ematen diote Bortzirietan ginekologia eta familia plangintzako zerbitzu bat izateari eta premia horren ondotik daude lana, garraioa eta etxebizitza. Emakumeen %70,5aren ustez, emakumeentzat ez dago aukera berdintasunik. Datu hauek ikusiz, Bortzirietako Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako lehenbiziko plan honen helburua Bortzirietako eragileei berdintasuna helburu duten konpromiso pertsonalak zein kolektiboak, jarduerak, ekintzak eta ekimen guztiak norabide berean jartzeko marko bat eskaintzea da. Honela, plana garatzeko bi estrategia proposatzen dira: Alde batetik, emakumezko eta gizonezkoen artean, lanari, familia-zamen banaketari, kale eta plazen diseinuari eta kirol praktikari dagokienez, dauden desberdintasunak ezabatzeko joera duten ekintza positibo jakinak eta zehatzak diseinatzea; eta bertzetik, genero ikuspegia Bortzirietan aurrera eramaten diren politika, eremu eta ekimen guztietan. Idoia Aranaz, Isos Aukera Berdintasunerako Zerbitzuetako ordezkariak planaren nondik norakoak azaldu zituen eta nazioarteko erakundeek ematen dituzten ildoei heltzen diela aipatu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun