Euroscola lehiaketan parte hartu du Berako Toki-Ona Institutuak

ttipi-ttapa 2006ko api. 25a, 16:55

Langile eta langabetuentzat ikastaroak ere antolatu ditu

Berako Toki-Ona Institua bertze urte batez parte hartu du Euroscola 2006 lehiaketan, Nafarroako bertze zortzi ikastetxerekin batera. Lehiaketa hau Europako Parlamentuak antolatzen du, ikasleen artean Europar Batasunaren eta bere instituzioen ezagutza bultzatzeko. Hamahirugarren aldia da antolatzen dela, aurtengoan “Europar Batasuna munduan: kanpo gaietarako politika eta garapenerako laguntza” lemapean. Lehiaketa 13 eta 18 urte arteko ikasleei zuzendua da, hau da, Bigarren Hezkuntza eta Gradu Erdiko Formakuntza Zikloetakoei. Internet bidez parte hartzen da lehiaketan, ezagutza proba batzuen bidez puntuak pilatzen dira. Gero, elkartasun proba gainditu beharko dute eta azkenik, Europako Batzordearen ekimenekin lotutako ekitaldi bat egin behar dute taldeek. Guzira 800 bat talde parte hartzen ari dira Euroscolan.

Ikastaroak

2006ko ikastaroetan parte hartzeko izen emateko epea ireki du Toki-Ona institutuak apirilaren 12a bitarte. Ikastaro hauek Nafarroako enpresetan lan egiten duten langileentzat, Nafarroan lan egiten duten autonomoentzat, azkeneko urtean Nafarroako enpresetan lana galdu duten langabetuentzat eta azken urte honetan Nafarroan lan egiten duten autonomoentzat zuzenduak daude eta doanekoak izanen dira, Nafarroako Enplegurako Zerbitzuak sustatua eta Nafarroako Gobernuak lagundutako etengabeko formakuntza ikastaroak baitira.

Honela, neumatika eta elektroneumatika, 40 orduko ikastaroa eginen da maiatzaren 8tik 12ra eta 15etik 19ra, arratsaldeko 4etatik 8etara.

Material erresistentzia, 20 orduko ikastaroa, apirilaren 24tik 28ra eginen da, goizeko 9etatik 1etara. Modu berean, mugetako komertziorako frantzes hastapen ikastaroa ere egin gogo dute Toki-Onan. 50 orduko ikastaroa izanen litzateke, oraindik zehaztu gabeko egun eta ordutegian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun