Gimnasia besta apirilaren 20an eginen da Berako kiroldegian

ttipi-ttapa 2006ko api. 25a, 18:05
Goizueta, Bera, Leitza, Elizondo, Urdazubi eta Sunbillako gimnasia eta yoga taldeak arituko dira Berako kiroldegian, apirilaren 20ko erakustaldian. TTIPI TTAPA

Ondotik bazkaria izanen dute Zalain eta Zubiondo jatetxetan

Arkupeak erretiratuen elkarteak urtero egiten duen gimnasia edo soinketa erakustaldia aurten ere Berako kiroldegian eginen da apirilaren 20an. Eguerdiko 12:30etan hasiko da herrietako talde ezberdinen erakustaldia.

Ondotik, 14:00ak aldera, autobusak aterako dira kiroldegitik Zubiondo eta Zalain jatetxeetara, hauetan eginen baita bazkaria 14:30etan. Bietan menu berdina izanen dute: urdaiazpikoa, pate eta fritoak: piper beteak, arrain zopa, legatza erromatar erara, sorbetea, azpizuna guarnizioarekin, txanpaina (5 lagunendako botil bat), eta moka tarta txokolatearekin, dena ura, ardoa, kafea eta kopa normalarekin hornitua. Bazkalondoan, 17:30etatik 20:00etara, dantzaldia izanen da eta gero autobusak herrietara bueltan abiatuko dira. Izen-ematea apirilaren 1etik 8ra egin behar zen eta orduan jakinaraziko zitzaien parte hartzaileei autobusak herri bakoitzetik noiz abiatuko ziren. Soinketan arituko diren bazkideek ez dute deus ordaindu beharrik izanen. Gainerako bazkideek eta soinketa egin baina bazkide ez direnek 30 euro ordaindu beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun