Zalaingo Condesa lantegiko ELA eta LAB sindikatuak, lantegiko zuzendaritzak hartu duen norabidearekin kezkati agertu dira, Condesak plantila modu basatian murrizteaz gain, bere bideragarritasuna zalantzan jartzekotan dagoela uste dutelako. ELA eta LABek Zalaingo batzordearen %70a osatzen dute. Martxoaren 10ean, bi sindikatu abertzaleetako ordekariek, Langile Batzordearen izenean, elkarretaratzea burutu zuten Miñaon, Condesaren bulegoaren aitzinean, langile kanporatua berriz hartzea eskatuz.
ELA eta LABen ustez, joan den urteko maiatzaren 20ean sinatutako Plan Estrategikoa adosteko Enpresa Batzordeak egin zituen eginahalak hutsean utzi ditu Condesako zuzendaritzak. Akordio horrek dio ez dela kaleratzerik izanen eta plantillan, langile kopuru batzuk bermatzen ditu. Joan den urtarrilean, ordea, langile bat kanporatua izan zen, 52 urterekin eta 34 urtez bere zerbitzuak lantegian eskaini ondotik, beretzat lanposturik ez dela argudiatuz. Otsailean bertze 24 langile ere kanporatu dituzte, nahiz eta hauek behin behineko kontratuak zituzten.
Honela, iaz sinatutako Plan Estrategikoaren arabera gaur egun 351 langile izan beharko ziren Zalainen, baina 15 guttiago daude. Planak dio tubo-makinetan 95 langile izan behar direla gaur egun, baina 55 bertzerik ez daude, eta hori bajan dauden langileak ere kontuan hartuz.
ELA eta LABen ustez, honekin agerian gelditzen da Condesako zuzendaritzak akordioak ez betetzeaz gain, bere kasa hausten dituela, kasu batzuetan egoera larriak sortuz. Jarrera honekin, zuzendaritza egoera liskartsua sortzen ari dela uste dute sindikatuek, ustez gaindituak ziren jarrerak hartuz berriro ere.
Zalaingo ELA eta LABek, kaleratua izan den emakumea eta behin behineko kontratuarekin kaleratuak izan diren bertze 29 langile bezalaxe, berehala hartzea exijitzen dute. Horretaz gain, lantegian elkarrizketa eta negoziazioan oinarritzen diren lan harremanak eta egokia den giroa bideratzea eskatu diote zuzendaritzari. Kontuan hartuz Zalaingo lantegiak, bere ia 40 urteetan, Condesak 2004ko urtarrilean hartu zuen arte banaz bertze 480 langile okupatzen zituela, gaur egun eman den plantilla murrizketa basatia kezkaz bete du Enpresa Batzordea.