maite bertiz arrastio

«Gazte aunitz gelditu gara Narbarten eta hori nabari da herri giroan»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 30a, 10:30
Maite Bertiz Arrastio da TTIPI-TTAPAko Narbarteko berriemailea.

Begiak zabalik eta belarriak erne. Halaxe izaten ditu Narbarteko Maite Bertiz Arrastiok. Bera arduratzen da herriko berriak bildu eta TTIPI-TTAPAra bidaltzeaz: «lehenago herriko bertze neska batek bidaltzen zituen. Ni noizean behin hasia nintzen berari informazioa bidaltzen eta berak utzi zuenean, nik jarraituko nuela erabaki nuen. Ez nuen hau galtzerik nahi».

Eman eta hartu, bi aldeak ateratzen dira irabazten informazio truke horretatik: «herriko gauzak aldizkarian edo Interneten ikustea, arrunt polita iruditzen zait. Nire seme-alabei ere aunitz gustatzen zaie herriko kontuak edo beraiek egindako gauzak ikustea». 

Herri bizia

Batean ez bada, bertzean, izaten du zer kontatua: «Narbarte herri bizia dela erranen nuke. Haur aunitz izateak gauzak antolatzera eramaten gaitu eta horrek herriari mugimendu handia ematen dio». Gainera, badituzte herrian saltsa sortzen duten hainbat ekitaldi: «uda partean, frontenis txapelketa antolatzen da eta partiduak ikusteko aitzakian jende aunitz biltzen gara plazan». Horrekin batera, «eguberriak, bestak, inauteriak...» topatzen dute elkartzeko aitzakia.

Narbartek dituen berezitasunei buruz  galdetuta, «herritarrak eta xokoak» aipatu ditu: «herri inguruan ibilbide eguzkitsuak ditugu eta herri handiagoetatik hurbil gaude eta aldi berean gure xokoan». Azken urteotan herria aunitz hazi dela ere azpimarratu du: «duela urte batzutatik hona haur pila bat izan ditugu, gazte aunitz herrian bertan gelditu gara». Herri giroan eragin zuzena izan du horrek: «gauzak antolatzen dira, herrian mugimendua dago, txikiak ikusten dira karrikan, gurasoak eta gazteak gauzak antolatzen… herri giro bikaina dugu».  

Bada zer hobetua ere, «frontoi estali bat eta autoak aparkatzeko leku bat gehituko nituzke. Narbarteko plazan bertan dugu eskola, udala, eliza, ostatua…eta honek arazoak suposatzen ditu gure txikiendako». Ostatua norbaitek hartzea ere beharrezkoa dela uste du: «hilabete batzuk daramatzagu ostatua eramateko inor gabe eta elkargune polita dela iruditzen zait».

«Egunero kontent eta gustura joaten naiz lanera»

Hezitzailea

«Zorte handia duen neska» dela dio, «egunero kontent eta gustura joaten naizelako lanera, eta uste dut denek ezin dutela berdina erran». Hezitzailea da lanbidez. Duela 20 bat urte ikasketak bukatu eta Ultzamako haur eskolan hasi zen lanean, «hasieran hezitzaile moduan eta pare bat urte geroago eskola kudeatzen zuen enpresako parte izaten». Gaur egun hezitzaile lana eta kudeaketa lanak uztartzen ditu eta urteak pasa ahala beraien lanbidean gauzak aldatzen joan direla azaldu du: «lehenago haur askorekin egoten ginen gelan eta lana aitzinera ateratzen genuen. Gaur egun, gure esperientziari eta formakuntzei esker hori aldatzen joan da. Ikusi dugu ezinezkoa dela kalitatea ematea haur kopuru handiarekin; bakoitzari behar duena eman edo eskaini nahi diogulako». 

Bere lanbidean ere, oro ez da urre: «azken urteotan borroka gogorrak izaten ari gara kalitatea hobetu eta lan baldintza duinak izateko. Pena handia ematen dit gure eskolak finantziatzen dituztenek hau dena ez ikustea. Gurekin egun pare bat pasatzera gonbidatuko nituzke, errealitatea zein den ikusteko». 

«Edozein tarte eta leku da ona liburu bat irakurtzeko»

Denbora librea

Etxetik kanpoko lanari, etxe barnekoa ere gehitzen zaio: «hiru seme alaben ama naiz eta etxetik kanpo lan egiten dudanez, egia erran, ez dut denbora libre gehiegi izaten». Bere burua goxatzeko tarte bat duenean, libururen bat izan ohi du eskuetan: «irakurtzea aunitz gustatzen zait. Orduak ematen ditut, edozein tarte eta leku da ona horretarako». Plazer ttikiak aipatzen hasita: «neguko egun ilun eta euritsu horietan su ondoan irakurtzen egotea» gustuko duela aipatu du. Asteburua ailegatzen denean, seme alabek bete ohi diote agenda: «orain gure asteburuko planak seme-alaben partiduak ikustera joatean izaten da» eta gainerakoan, «lagun on edo familiarekin mahai inguruan solasean egotea ere» plan ederra da Maiterentzat. Familia giroan bizi da, baina aitortu du besta egitea ere maite duela: «herriko bestak, inauteriak edo bertze zerbait denean ere aunitz gustatzen zait afaltzera atera eta besta pixka bat egitea lagunekin». Ama, langile, hezitzaile eta bestelako etiketak pixka baterako alboratu eta «Maite izaten, ni neu izaten, gozatzea».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun