Oihan Meoki lekaroztarrak irabazi du Bertizaranako Enduro txapelketa

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 12a, 15:30

Bertizaranako enduro moto txapelketaren laugarren edizioa martxoaren 10ean jokatu zuten Narbarteko eta Oieregiko mendietan barna. Erantzun ona izan zuen probak, 90 bat parte hartzaile bildu baitziren. Eta horrez gain, antolatzaileen hitzetan, parte hartzaileen artean, eskualdeko aunitz hurbildu ziren, baita EAEtik etorritakoak ere. Itxura denez, katalanek ere ez zuten hutsik egin. 

Nafarroako, EAEko eta Aragoiko enduro txapelketetarako puntuagarria izan zen.

Sailkapen orokorrean Oihan Meoki lekaroztarra izan zen nagusi, eta bere gibeletik, Raul Guimera (Teruel, Espainia) eta Iker Aleman iruritarra gelditu ziren. Antolatzaileek kontatu dutenez, «txapelketa nork irabazi erabakitzeko eskualdeko bi gidarien eta gainera lagunak diren Meokiren eta Alemanen arteko lehia polita izan zen».

Gainerakoan, juniorren kategorian Oier Belaskoain izan zen hoberena eta trofeoen kasuan Oier Santiso. Beteranoetan, berriz, Xabier Otxotorena moldatu zen hobekien. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun