Giro ederrean dabiltza Narbarten Eguberrietan

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 26a, 09:30

Abenduaren 22an hasi zituzten Narbarten Eguberrietako ospakizunak, eskolako haurrek eskaini zuten jaialdiarekin. Abenduaren 24an Olentzeroren bisita izan zuten herrian eta biharamunean jaiotza biziduna egin zuten Elizan.

Abenduaren 22an eskolako haurrek jaialdi polita eskaini zieten guraso eta amatxi-aitatxiei. Egun batzuk entsaiatzen eman ondoren Eguberrietako kantuak eskaini zituzten eskolako ikasle guztiek, ttikienetik handienetara.
Abenduaren 24an berriz, Olentzero Narbartera ailegatu zen. 17:00etan plazan elkartu eta bere bidera joan ziren, herriko akordeoilari eta panderojoleen laguntzarekin. Gurdi eder batean etorri zen, zakua opariz beteta... Herriko gaztetxoek joarea eta antortxak eramanez bidea ireki zioten. Arratsaldea borobiltzeko txiki bakoitzari goxoki poltsa bat eman zien, ondoren trinketean guraso elkarteak antolatutako berendu goxoa eta bukatzeko lote eder batzuen zozketa egin zuten.
Abenduaren 25ean, ohitura den bezala, jaiotza biziduna egin zuten Elizan. Haur dezentek parte hartu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun