‘Lorategi bat lorategian’ erakusketa irekiko dute Bertizko Natur Parkean

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 18a, 07:26
Hostoak, adarrak, soinu eta argazkiak bilduz nortasun propioa emanen diote lorategiari.

Uztailaren 20tik irailaren 4ra, ‘Kultur’ programaren baitan 

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatutako Kultur programaren baitan ekainaren 17tik irailaren 10era musika, dantza eta arte arloko 41 emanaldi prestatu ditu. Ortzegun, ortzirale eta larunbat guztietan egiten ari dira Nafarroako 39 udalerri eta pasaia edo ondare mailako toki interesgarritan. 

 

Bertizko Jaurerriko Natur Parkeko lorategi historikoan, Lorategi bat lorategian erakusketa berezia eginen dute uztailaren 20tik irailaren 4ra, hostoak, adarrak, soinuak eta argazkiak bilduz. Alde batetik, Maite Ortega murtziarrak argazkiak erabiliko ditu, hari, lore, hosto edo errekorte bidez aldatu eta bere nortasun propioa emanez. Lorategia eta memoria uztartuko ditu, erakusketa aretoa hartuko duen familia-zuhaitz baten bidez. Mikel R. Nieto donostiarrak, berriz, soinuarekin modu artistikoan egiten du lan, egoera espezifikoak sortuz. Leku bakoitzaren soinu-nortasuna ezagutzea du helburu. Horretarako, grabaketak eginen ditu lorategian eta inguruan, gordean dagoena eta somatzen ez dena agertaraziz.

Sormen-prozesuaren bukaeran, lorategi berri bat agertuko da lorategian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun