Legasako AMDS Processing-eko lantegiaren egoeraz eta etorkizunaz kezka agertu du Langile Komiteak

Ttipi-Ttapa 2013ko aza. 7a, 10:34

Gaur egun 119 langile ditu Legasako lantegiak.

2010ean baino 60 langile guttiago izan arren, lan zama handia dutela dio

Langileek euren etorkizunari buruzko «inolako informaziorik gabe segitzen dutela» adierazi du Langileen Batzordeak ohar bidez, eta gaineratu duenez, «enpresa enplegua suntsitzen ari da, lantegian gauden langileak dagoen lan zamarekin gainezka gauden bitartean». Egoera «kaotikoa» bizi dutela jakinarazi du, «antolakuntza falta izugarria dago eta planifikazio eza egunero ikusten da». Egoeraren aitzinean, bideragarritasun plan bat mahai gainean jartzeko eskatu diote zuzendaritzari.

Legasako Arcelor Mittal Distribución (ofizialki AMDS Processing) lantegiaren egoeraz eta etorkizunaz kezka agertu du langile komiteak, prentsa ohar baten bidez. «Arcelor-ek gure enpresa sortu zuenetik 4 urte pasatu direnean, gure etorkizunari buruzko inolako informaziorik gabe segitzen dugu, hori gutti balitz enpresa enplegua suntsitzen ari da, lantegian gauden langileak dagoen lan zamarekin gainezka gauden bitartean», diote. Espainia osoan enpresa honek 1.500 langile zituen 2009an eta 2012an 600 haino gutti gehiago ziren. Legasako lantegiaren kasuan, 2010etik honat 60 lagun guttiago daude lanean.

Langileek aipatu dutenez, «egoera kaotiko bat bizi dugu lantegian, antolakuntza falta izugarria dago eta planifikazio eza egunero ikusten da, egunero batetik bertzera pasatzen garelarik inolako ordenik gabe. Horren adibide garbia da uda baino lehen enpresa interpelatu behar izan genuela eta Lan Ikuskaritzan salatzeko mehatxua egin ohar zitezen biltegiaren egoeraz, langileen osasuna arrisku larrian zegoen eta».

Gaur egun 119 langile ditu Legasako lantegiak, nahiz eta enpresatik 73 langilerekin lan egin nahi zutela aipatu. Baina 5 lankideri ez zaie kontratua berritu, lan zamarik ez omen dagoelako eta aldi berean 3 eta 2 txandatara lan egiten ari dira. «Gaur egungo lan zamarekin ezinezkoa da egoera honetan dauden langileek (gehiengoa) bere oporarak disfrutatzea», erran dute komitetik eta gaineratu dute, hau dena gaur egungo egoeran «lotsagarria» dela. Gertatzen ari den guztiari azalpen logiko bakarra aurkitzen diote, «Arcelor Mittal bezalako multinazional bat dirua irabazteko munstro bat dela, eta beraien diru-gosea aseezina da eta horretarako berdin zaie langileak odol husten uzten baditu ere».

Komitetik Arcelor Mittal Processingo exijitu diote ahalik eta azkarren bideragarritasun plan bat mahai gainean jartzea, «dagoen lan zamari eta etorkizunerako aurreikusten denari aurre eginen diona eta argi eta garbi erran dezala zer egin nahi duen gure enpresarekin». Gainontzekoan, mobilizazioak eta protestak konbokatuko baitituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun