TDiferencia taldeak Txanogorritxo Rock haurrentzako ikuskizuna eskainiko du otsailaren 1ean, igande arratsaldeko 5etatik aitzinera Berako Kultur Etxean. Berako Kultur Batzordeak eta Nafarroako Gobernuak Jirabiran programaren baitan antolatutako ikuskizunera sartzeko 3 euro ordaindu beharko da. Miguel Molinaren zuzendaritzapean, Ainhoa Ruiz, Monika Torre eta Eva Azpilikueta antzezleek rockez eta magiaz beteriko abentura eskainiko dute.
Rockez eta magiaz beteriko abentura
“Bazen behin basoan bizi zen neska bat, burukodun kapa gorri bat jantzita ibiltzen zena. Txanogorritxo erraten zioten denek. Behin batean, Txanogorritxo amatxiri bisitan joan zitzaion, eri zegoelako. Saski batean eraman zizkion ogia, esnea, eztia eta limoi pixka bat… ona baita zintzurrerako. Horrela, zintzurra sendatuko zitzaion amatxiri, eta ahots betean kantatu ahal izanen zituen rock kantak…” —Espetu, espetu! Hau ez zen Txanogorritxoren ipuina…? —Bai, baina Txanogorritxo rockazalearena: parrandarako eta zalapartarako irrikaz dago gure Txanogorritxo. Dantzan jarriko gaitu gure eserlekuetan eta hankaz goiti paratuko du ipuina…bagenekien ipuina, ustez, baina ikusiko duzu zein oker geunden! Antzerkia, musika eta magia: beldurra, zeloak, emozioak, etab. kudeatzeko bitartekorik aproposenak.