300 lagunek parte hartu zuten Berako VIII. Mendi Egunean

TTIPI-TTAPA 2015ko urt. 12a, 09:58
Partehartzaileek ibilbide gogorra osatu behar izan zuten. Utzitako argazkia

Santa Barbarako binakako kronoigoeran 56 bikote eta 2 hirukote atera ziren

Kasik 300 lagunek parte hartu zuten urtarrilaren 10ean Berako Mendi Egunaren zortzigarren edizioaren harira antolatutako ekitaldi ezberdinetan. Agerra Mendi Taldeak, Manttalek eta Gure Txokoak 2007ko urtarrilaren 13an Taillonen hildako Xabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegiren omenez prestatzen dute eguna. Ikusi argazkiak

Kasik 300 lagunek parte hartu zuten urtarrilaren 10ean Berako Mendi Egunaren zortzigarren edizioaren harira antolatutako ekitaldi ezberdinetan. Agerra Mendi Taldeak, Manttalek eta Gure Txokoak 2007ko urtarrilaren 13an Taillonen hildako Xabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegiren omenez prestatzen dute eguna. Ikusi argazkiak

Larunbat goizean eskalada tailerra egin zen Toki Ona kiroldegian, eta 60 bat neska-mutikok parte hartu zuten. Arratsaldean, Santa Barbarara oinezko mendi ibilaldia, binakako kronoigoera eta haurrendako lasterketak egin ziren.

Arratsaldeko 3etan abiatu ziren oinezko mendi ibilaldian parte hartu zuten 50 bat lagunek. Gero, ttikienen lasterketak egin ziren, 60 korrikalarirekin.

5,5 kilometroko erlojuaren kontrako lasterketan 56 bikotek eta bi hirukotek hartu zuten parte, joan den urtean baino lau gehiago. Bortz herrietako kirolariekin batera, Irun, Sara edo Iruñetik ere hurbildu ziren. Rikardo Baroja eskolaren paretik minutuero atera ziren partehartzaileak eta jendearen animoak bildu zituzten ibilbide osoan, baita hildako mendizaleak gogoratzen zituzten koloretako xingolak Santa Barbara gaineko hornidura lekuan ere. Ohikoa denez, lasterketa ez da konpetitiboa, baina bikoteen denborak hartu zituzten eta panel batean erakutsi.

Probaren ondotik, partehartzaileentzako berendua eskaini zen eskolako jangelan eta oparien zozketak ere egin ziren.

Mendiaren Eguna borobiltzeko, kultur etxean Aitor Igiñitz gipuzkoarrak eta Laura Martinez Calderón madrildarrak "La vuelta al mundo en pedales" dokumental interesgarria aurkeztu zuten. Duela 8 urtez geroztik txirrindulan mundua ezagutzen dabiltza, eta oraingoz 80.000 kilometro burutu dituzte, 45 herrialde zeharkatu, bertzeak bertze, Angola, Bosnia Herzegovina, Bulgaria, China, Dubai, Emirato Arabiarrak, Espainia, Frantzia, Italia, Etiopia, Irán, Kenia, Malasia, Mongolia, Namibia, Nepal eta Monacon barna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun