Dena prest dute Beran 1813an izan ziren enfrentamendu militarren ondorioz populazio zibilak jasan behar izan zituen ondorioak oroitzeko. Eta asteburu honetan emanen diote errematea urte osoan garatu den programazio zabalari. Larunbat arratserako herri antzezpena prestatu dute eta igande eguerdirako oroitzapen ekitaldia San Migel zubian. Ikusi argazki bilduma
San Migel Zubiaren Lagunak
Orain bi urte hasi zen lanean San Migel zubiaren inguruan talde bat, eta zubia bera berreraikitzearekin batera, hainbat kultur ekitaldi antolatu dituzte udaberritik honat. Taldeak argi du «helburua ez dela guda bera oroitaraztea, harek herritarrengan utzitako ondorioak ezagutzera ematea baizik». Bortzirietako herritarrak izan ziren gehien sufritu zutenak guda hura, baita gertaerak izan eta hainbat hilabete geroago ere, gosea, izurriteak eta pobrezia guztiz zabaldu baitzen Bortzirietan.
Udaberri-udan hitzaldi zikloa antolatu zuten ikastetxe zein herritarrentzat, eta irailaren 1eko dataren inguruan, bertze hiru hitzordu finkatu dituzte antolatzaileek. Abuztuaren 24an erakusketa ireki zuten Berako kultur etxean, eta zabalik egonen da irailaren 8a bitarte, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara (astelehenetan izan ezik, 17:00etatik 20:00etara baino ez baita irekiko). Erakusketak garaiko argazkiak, testuak, eta herritarrengan gudak izan zituen ondorioak biltzen dituzten hainbat datu ageri dira, Berako ikastetxeetako neska-mutikoen marrazkiekin osatutako San Migel zubi handiarekin batera.
Herri antzezpena eta oroitzapen ekitaldia asteburu honetan
Ekitaldi nagusiak, hala ere, asteburuan izanen dira. Larunbaterako herri antzezpena prestatu dute. Julen Zelaieta eta Patxi Castillo bertsolariak kontalari lanetan direla, ehun lagunetik goiti ariko dira antzerkia zein musika egiten. Ikuskizunaren gidoia Iñaki Oiartzabalek idatzi du, eta zuzendaritzan bera eta Ixa Ordoñez aritu dira. Duela 200 urteko bizimodua eta gizarte zibilean gerrak utzitako ondorioak izanen dira antzezpenaren muina. Hortxe aditu ahal izanen dira Berako musika banda, Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako txistulariak, Berako abesbatza, Gure Txokoako dantzariak, Uxane taldea (Aspacekoa), Emaitza antzerki taldea, rock musikariak, Petti, txalapartariak, eta Berako ehiztariak; eta argiztapen, soinu eta bertzelako efektu bereziekin osatuko da ikuskizuna. Herriko Etxeko plazan izanen da emanaldia, arratseko 9etatik aitzinera.
Biharamunean, irailaren 1ean, guda izan zeneko 200 urte betetzen diren egun berean, oroitzapen ekitaldia eginen da. Bortzirietako udal eta hautetsiek parte hartuko dute ekitaldian. Bera eta Lesakako dantzari eta musika bandek lagunduta, bi herrietako banderak dantzatuko dituzte zubi gainean. Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, San Migel zubian bertan.
Bi ekitaldi hauetan, larunbatean zein igandean, baserritarrez jantzita ateratzeko deia egin dute antolatzaileek.