Euskal ligako txapeldun izateko lehen kanporaketa jokatuko du BRT Menditarrak errugbi taldeak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 26a, 11:00
BRT Menditarrak eta Uni Bilbao Rugby taldeek jokatuko dute txapeldun izateko lehen kanporaketa larunbatean Lekarozen. Argazkian, ligan Bizkaiko hiriburuan jokatu zuten partidan.

Uni Bilbao Rugby taldea izanen du arerio, larunbat honetan Lekarozen eta maiatzaren 5ean Bilbon

Euskal ligako lehen mailako hasierako fasean laugarren izan zen BRT Menditarrak errugbi taldeak eta horrek, txapeldun izateko play-offetan jokatzeko aukera emanen dio. Lehen kanporaketa, hasierako fasean hirugarren izan den Uni Bilbao Rugby taldearen kontra jokatuko du. Joaneko partida apirilaren 27an, larunbatean 17:30ean jokatuko dute Lekarozen eta itzulerakoa Bilbon maiatzeko lehen asteburuan.

Ligan jokatutako partidetan, Bilbon erraz galdu zuen BRT Menditarrak taldeak (38-5), baina Lekarozen garaipena lortu zuen (20-12), partida eder baten ondotik. Larunbatean hori errepikatzen saiatuko da.

Bertze kanporaketan Getxo (bosgarren sailkatua) eta Rioja RC (bigarren sailkatua) ariko dira. Bi kanporaketa hauetako irabazleek finalerdia jokatuko dute maiatzaren 18-19ko asteburuan, liga erregularrean hoberen gelditu den taldearen zelaian. Finalerdietako irabazleak, hasierako fasean lehen postuan gelditu zen, baina mailaz igotzeari uko egin dion Elorrio taldea izanen du esperoan finalean, maiatzaren 18-19ko asteburuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun