Elizondoko Osasun Zentroa

«Garai batean 25 urtez beheitikoak osasun zentrora joatea arras ezohikoa zen baina gaur egun zifra horiek handitu dira»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 21a, 09:00
Osasun etxeak zaintzeko eskatuz 2021ean Elizondon egindako elkarretaratzea.

Elizondoko Osasun Zentroaren kasuan pediatriako lanpostu erdia dute hutsik, baina orokorrean, «moldatzen» direla dio Xabi Zarandona osasun zentroko zuzendariak. Hortik aparte, bertzeak bertze, profesional faltaz, hitzordua eskatzeko gaur egungo protokoloaz eta egoera hobetzeko proposamenez mintzatu da.

Elizondoko Osasun Zentroan, Baztango herriz herriko eta Urdazubiko eta Zugarramurdiko kontsultategietan goizeko eta guardiako medikuen eta erizainen, espezialisten eta administrarien lanpostu ia guziak beteak dituzte. Pediatriako lanpostu erdia dute hutsik, baina hori ez omen da arazo. Xabi Zarandona Elizondoko Osasun Zentroko zuzendariaren arabera, «Baztani pediatriako medikuen plaza bat eta erdi tokatzen zaizkio, baina erdika hori aspaldi hutsik dago». Moldatzen direla dio: «Epidemia garaian, abenduan eta urtarrilean, normala da pediatraren kontsulta betea izatea eta oporrak hartzen dituenean ordezkapenak egiteko ez da aukera handirik izaten. Horrek erran nahi du norbaitek pediatrarekin egon nahi badu, oporretatik bueltatu arte esperatu behar duela edo bertzela, larrialdietara joan». Hortik aparte, «ez da arazo berezirik izaten. Pediatra, berez, familia medikua da, baina urte dezente daramatza pediatrian». Bera arduratzen da Baztango, Urdazubiko eta Zugarramurdiko 1.122 haurrez.

Ordezkapenek ematen omen diete «lanik handiena»: «Profesionalen intzidentziak edo oporrak bete behar direnean lan gehiago sumatzen dugu. Gainerakook ordu gehiago egin behar ditugu».

«Ospitaleetako mediku kopurua goiti»

Profesional faltaren gibelean arrazoi bat baino gehiago izan daitezkeela aipatu du Zarandonak, eta horri lotuta, «suposatzen da ez dagoela profesionalik», erran du. Baina bertze ertz bat ere paratu du mahai gainean, «Juan Simó medikuaren errana. Ospitaleetako larrialdi zerbitzuak hipertrofiatu direla dio. Azken hamar-hamabortz urteotan ospitaleetako medikuen kopurua aunitz goititu da. Normalean larrialdietan familia medikuak aritzen dira. Nik espezialitatea egin nuen ospitalean, adibidez, medikuen kopurua % 20 hazi da. Segur aski fenomeno globala izanen da baina horrek herrietarako mediku gutiago dagoela erran nahi du». Datuak ere bildu ditu.

Garbi du egoerak «irtenbidea» behar duela eta bertze toki batzuetako adibideak aipatu ditu: «Levanten (Valentzia), betetzeko zailak diren lanpostuak hartzen dituzten medikuei 10.000 euroko gehigarria ematea erabaki dute, eta Galizian, betetzeko zailak diren pediatriako lanpostuen oposizioak egin dituzte. Lehentasuna betetzeko zailak diren lanpostu horiei ematea erabaki dute».

Gazteak eta berehalakotasuna

Hortaz aparte, Elizondoko Osasun Zentroko zuzendariak «gazteek gero eta gehiago baloratzen duten berehalakotasuna» nabarmendu du: «Berehalako arreta nahi dute, baina guk ezin dugu eman kasua ez bada hain larria. 2007an hasi nintzen mediku lanean eta garai hartan 25 urtez beheitikoak osasun zentrora joatea arras ezohikoa zen. Gaur egun, zifra horiek handitu dira. Internetarekin sintomen inguruko informazioa bilatzen dute, okerrena baztertzeko medikuarengana joatea erabakitzen dute eta erantzuna berehala nahi dute».

Hitzorduak hartzeko protokoloa

Aseguru pribatuen kontratazioa «segur aski goititu» izanen dela ere erran du Zarandonak, «sistemak nahi bezain ongi funtzionatzen ez duen seinale». Eta zita eskatzeko, deien gestioa administrariek egiteaz ere aritu da: «Lehen gaixoari hitzordua zeinekin nahi zuen galdetzen zieten, eta gaixoak aukeratzen zuen. Orain administrariak zer tramite egin nahi duen galdetu eta ordua zeinekin eman erabakitzen du». Onartu du «euren prestakuntza administrariena dela, baina kasu jakin batzuetan badakite zeinengana bideratu. Akaso zalantzak dituztenean erizain bat eskura izan behar lukete. Bertzela, gaixoak beti medikuarekin nahiko du. Eskaerak kudeatzeko modu bat da, medikuen itxaron-zerrendak ez pilatzeko». Urdazubin, ordea, lehengo martxan segitzen dute: ordurik hartu gabe kontsultategira joanez.

Finantzazioa beheiti

Osasun sistema publikoaren etorkizunaz galdetuta, Zarandonak «osasun sistema publikoaren finantziazioa beheititu» dela erantzun du: «BPGren portzentajearen araberako gastua jaitsi egin da 2008tik 2020ra. Gastua zenbaki absolutuetan igo da, baina osasunera bideratutakoaren portzentajea ttikiagoa da». Hala ere, herriotan etorkizuna ikusten dio: «Osasun sistema pribatuak orain arte ez du publikoari konpetentzia egiteko gaitasunik erakutsi. Telemedikuntzak larriak ez diren kasuetarako balio izaten ahal du, baina ez du aitzinera egin».

Kupo sistema aldatzeko beharra

Eta egoera hobetzeko zer? Elizondoko medikua «kupo sistema aldatzearen» aldekoa da: «Kupoen sistemarekin mediku bakoitza bere gaixoez bakarrik arduratzen da eta taldean lan gehiago egin beharko litzateke. Adibidez, Arantzako medikua hilabete batez oporretan baldin bada, bidezkoa da hilabete osoan Arantzakoak medikurik gabe egotea?». Hori profesionalen ardura dela dio: «Ez genuke gure gaixoez bakarrik arduratu behar. Baina hori taldeak onartu behar du. Gaur egun, langileak zerbaitera derrigortzea zaila da eta funtzionarioak zer erranik ez».

Bertzalde, profesionalen hizkuntz eskakizunen gaia ere atera da eta Baztanen, «gehienek euskaraz aritzeko gaitasuna» dutela kontatu du zuzendariak: «Goizeko medikuen artean bi dira euskaraz ez dakitenak, tartean, pediatra, eta guardiakoen artean, erdiak ongi moldatzen dira. Erizainen kasuan, goizeko langileen artean, % 80tik goitik badaki euskaraz, eta guardiakoetan, bakarra da moldatzen ez dena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun