Amaiur eta Hondarribia senidetuko dira apirilaren 27an

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 17a, 12:00
Hondarribiko, Baztango eta Amaiurko ordezkariak, Aranzadiko Juantxo Agirrerekin batera, larunbatean Amaiurrera egindako bisitan.

Nafarroako azken gaztelua eta azken portua elkartuko dituen ekitaldi instituzionalaren aitzinetik, Amaiur bisitatu zuten Hondarribiko udal ordezkariek

Amaiur Nafarroako azken gaztelua eta Hondarribia Nafarroako azken portua izan zela gogoan, bi herrien arteko senidetze-ekitaldia eginen dute apirilaren 27an. Hain zuzen, duela 500 urte, 1524ko apirilaren 29an Nafarroako erresumaren azken portua Gaztelaren eskuetan geratu zen. Senidetze ekitaldia apiril hondarrean eginen badute ere, joan den larunbatean Amaiurren elkartu ziren Hondarribia, Amaiur eta Baztango herrietako ordezkariak, baita Amaiurko gazteluan hainbat lan egin dituen Aranzadi Zientzia Elkarteko Juantxo Agirre ere.

Borzgarren mendeurren horren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte Hondarribian. Apirilaren lehenengo hamabortzaldian, Zuloaga Etxeko Liburutegian erakusketa tematikoa ikusgai dago, Nafarroako erresumarekin inguruko publikazioekin. Apirilaren 19an, ortziralean, 19:00etan, Peio Monteanok Hondarribia eta Nafarroako guda (1521-1524) solasaldia eskainiko du Paradoreko areto sozialean. Apirilaren 26an, leku eta ordu berean Arerioa ispiluan. Nafarroako gidako nortasunak eta erreferenteak (1512-1524) solasaldia emanen du Aitor Pescadorrek.

Ekitaldi instituzionala eta herrikoia apirilaren 27an

Apirilaren 27an, azkenik, ekitaldi instituzionala eginen dute eguerdian Hondarribiko udaletxeko areto nagusian, Amaiur, Baztan eta Hondarribiko alkateen parte-hartzearekin. Segidan, ekitaldi instituzionala eginen dute Arma Plazan. Bertan, Kemen Dantza Taldeak, Hondarribiko Txistu Taldeak eta Amaiurko Gaztelu Abesbatzak zein Hondarribiko abesbatzek parte hartu dute eta Petti abeslari beratarrak Amaiur gaztelu baltza kantatuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun