Kepa Diegezen 'Eguraldiaren euskara, Aro bidaia Euskal Herrian barrena' liburuaren aurkezpena Amaiurko Herriko Etxean

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 9a, 14:00
Eguraldiari buruzko hitzak bildu ditu egileak Alberdania argitaletxearen eskutik plazaratu duen liburuan. Argazkia: KulturSharea.

Kepa Diegezek 'Eguraldiaren euskara, Aro bidaia Euskal Herrian barrena' liburua aurkeztuko du larunbat honetan, apirilaren 13an, 19:00etan, Otsondo batzar gelan. Saiakera nobelatua da eta, liburu horretan, «aro bidaiari» batek Euskal Herriko 96 herritarren ahotik eguraldiaren inguruko hitzak eta esapideak biltzen ditu.

Sinopsia

Nobelan ageri den protagonista Euskal Herriko herrialde guztietan gaindi dabil, «Getxon hasi, oraindik jatorrizko hizkera gordetzen duen Bizkaiko herria, mendebalderenean kokatua, eta Eskiulan bukatu, Euskal Herritik kanpoko herri euskalduna, Biarno aldean».

Saiakera nobelatu honen xedea eguraldiaren inguruko hitzak eta esapideak erakustea, azaltzea eta irakastea da, baina badu baita eleberritik, kontakizunetik ere. Fikziozko eta benetako pertsonaiak bidaia osoan, han-hemenka, agertzen dira. Diegezentzak «hunkigarriena liburua hasieratik amaitu arte irakurtzea da, baina irakurleak aukeran du zuzen-zuzenean herri edo eskualde batera jotzea, zein ele erabiltzen diren ikasteko, edota bidaian barrena agerturiko hitz guztien aurkibideaz baliatu, non erabiltzen diren begiratu eta testuingurua irakurtzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun