Nekazaritzan bizi den nahasmendua solasgai Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 26a, 18:00

Baztango Talde Ekosozialak Panpi Ste. Marieren solasaldia antolatu zuen martxoaren 21ean Arizkunenea kultur etxean. Euskal Laborarien Batasuneko kidea eta nekazaria da Panpi, eta azken aldian nekazaritzan bizi den nahasmenduaz mintzatu zen.

Taldeak adierazi duenez, hainbat gai landu zituzten solasaldian. Hasteko, «jakin beharra dago Nekazaritza Politika Bateratua (PAC) nekazariei ematen zaien europar mailako dirulaguntza dela, nekazariei beraien egunerokotasunean sortzen zaizkien galerak konpentsatzeko pentsatuta dagoena. Baserritarrek dirulaguntza hauen premia dute, izan ere, ongaiak kostuaren eta mozkinen azpitik ordaintzen zaizkie eta saldo negatiboa NPBak konpentsatzen du».

Horrez gain, «ez dugu atzendu behar gizarte kapitalista honetan dena dagoela merkatuaren mesedetan, baita elikadura bera ere. Elikadura sistema merkatu librearen politiken arabera ordenatzen da, eta horrek baserrien 'espezializazioa' ekarri du. Orain ez dago pixka bat denetarik duen baserririk; txerriak, behiak, ardiak, barazkiak, fruituak… horren ordez behi-haziendetan oinarritutako baserriak, arditegiak, barazkigintzan edo fruitugintzan espezilaizatutako baserriak dira, industria-nabeak, beraien kontsumogaiaren ekoizpenean oinarritzen direnak. Horren ondorioz, diru sarrerak ez dira heltzen, laborariak ezin baititu bere kostuak salmenten bidez berdindu eta PAC laguntza behar-beharrezkoa dute».

Bertzalde, «elikadura-sistema merkatuaren arabera egoteak 'produktu merkeena' kontsumitzea dakar, kostuak murrizteko. Berdin du, Lapurdiko laborarien kasuan, Biarno edo Zuberoak artoa ekoizten badu; Ukrainiatik datorrena merkeagoa bada, sistemak laborariak ale ukrainiarra erostera bultzatuko dute, nahiz eta urrunagotik etorri eta gertukoa kalitate berekoa edo hobea izan. Nazioarteko itun komertzialak (Mercosur, EB-Zelanda Berria…) merkeena kontsumitzearen ideia honetan oinarritzen dira».

Hori dela eta, «espezilizaziotik aldendu eta planifikazioa behar da, beharrak aseko dituen elikadura burujabetzaren aldeko apustua egin. Eta PAC laguntzak beharrezkoak diren arren, berauen berrikuspena ezinbestekotzat jotzen du Panpik. Egun, diru sarrera hau hektareaka eta azienda buruka egiten da, langile kopuruaren arabera egin beharrean, adibidez. Bigarren egoera honetan oinarrituko balitz, akaso, landa eremuaren despopulazioa eteten lagunduko lukeen politika bihur zitekeen. Aldaketak produkzio ekologikoaren eta eskala ttikiagoko produkzioaren aldekoa behar du izan, nekazaritza munduan bizitzeari prestigioa itzuliz».

Hitzaldiko bertze ideietako bat «greendeal delakoaren ingurukoa da. Azken asteotako traktoraden aldarrietako bat gasolioaren dirulaguntzen eta pestiziden erabileraren murrizketa ezabatzearen aldekoa izan da, sarri. Panpik argi uzten du egungo krisi klimatikoaren testuinguruan aldarri hauek ez dutela ez hanka ez buru. Aldarri hauek ez diote problematikaren muinari eragiten, partxe hutsak dira; aldatu beharrekoa ekoizpen sistema da. Nekazariei badagokie herritarrekin aliantzak sortu eta kontsumogaiak gertuko plazetan saltzea».

Kontsumitzaileei dagokienez, «kritiko izatea dagokigu. Egia da ekologikoan edo estentsiboan ekoizten dena intentsiboan ekoizten dena baino garestiagoa dela. Hala ere, 'zergatik inbertitzen dugu auto edo bestelako kontsumogaietan diru gehiago elikaduran gastatutakoa baino?' Panpiren hitzetan gosarian berean erabakitzen dugu zer ildo politiko hartu: merkearen aldekoa edo osasuntsuagoaren aldekoa. Aterabidea ez da erraza, bizitzaren prekarizazioak langileak merkeena erostera bideratzen dituelako. Salmenta zuzenaz gain, merkatu publikoen aldeko politikak aldarrikatzen ditu Panpik, produktu osasuntsuenak ez daitezen gourmet produktu bihurtu, denen eskura egon daitezen, gutxi batzuen mesederako beharrean».

Solasaldiaren ondotik. galdera eta eztabaidarako txanda izan zuten eta bertze hainbat gai landu zituzten, tartean klima larrialdiaren negazionismoa, traktoraden eta eskuineko muturraren arteko lotura eta lehen sektoreko interes kontrajarriak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun