Emakume bat ospitaleratu dute gaur goizean Benito Mennin gertatutako sute baten ondorioz

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 8a, 14:45
Irudia: Foruzaingoa

Elizondoko Benito Menni zentroko logela batek su hartu du gaur goizean, eta egoiliar bat Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute pronostiko arinarekin kea arnasteagatik. Honez gain, bi langile ere ospitalera joan dira keak sortutako edozein afekzio baztertzeko.

Nafarroako Larrialdi Zerbitzuak 11:46ean hartu du sutearen larrialdi deia eta Oronozko eta Cordovillako suhiltzaileak, bi anbulantzia eta Foruzaingoa joan dira Benito Menni ospitale zentrora. Jakinarazi dutenez, eraikinetako baten lehen solairuko logela batek hartu du su, eta langileek gelako atea hetsi dute sua zabal ez zedin. Eraikin osoa ebakuatua izan da eta suhiltzaileek sutea itzaltzea lortu dute.

Zentroko egoiliar bat, 53 urteko emakumea, ospitaleratua izan da kea arnasteagatik, pronostiko arinarekin, eta bi langile ere ospitalera joan dira keak sortutako edozein afekzio baztertzeko.

Sua itzalita, eraikina aireztatu egin dute eta erabilgarri dago berriz ere, kaltetutako logela izan ezik. Ondoko bi eraikinek ez dute kalterik izan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun