Ion Dufurrena Iñarrea

«Ezin dugu galtzen utzi gure artean bortz mila urtez egon den zerbait»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 30a, 09:00
Erratzuko sortetxean du zurgintza tailerra Dufurrenak.

Eskuekin lan egiten duen erratzuarra da Ion Dufurrena Iñarrea. Abeltzaina ofizioz, zurgintza du afizio, eta Iriartea sortetxean duen tailerrean lantzen du egurra modu tradizionalean. Hainbat tresna sortzen ditu, baina batez ere kaikuak ditu espezialitate, Santi Oteiza maisuak erakutsi bezala egiten baititu gaztetatik.

Noiz hasi zinen egurra lantzen?

Etxean betitik aritu izan naiz egurrean lan ttiki batzuk egiten, ikastolan nintzelarik lauburuak eta horrelakoak egiten nituen. Baina 18 urte bete behar nituenean Santi Oteizarengana joaten hasi nintzen Erratzun, eta orduan ikasi nuen kaikuak egiten. Negu hartan larunbat goiz edo arratsaldetan joaten nintzen, eta zenbait lan egiten nituen. Ondotik nire kontu segitu nuen etxean eta gaur arte.

Praktika aunitz eskatzen du?

Oinarrizko zerbait egiteko ez, baina gauzak hobetzen joaten bazara, azkeneko xehetasunak eman eta fin-fin uzteko, praktika behar da. Orduak eta orduak pasatu behar dira, eta beti segitzen da ikasten. Joan den urtean egindako lanak ikusita akatsak ikusten ditut eta badakit zertan hobetu.

Gaur egun lantegia etxean duzu, ezta?

Bai, lehenagoko ukuilua zena da nire tailerra. Etxean beti izan dugu zurgintza presente, eta lehen aita sabaian aritzen zen. Baina behiak ukuilutik atera nituenean, lantegia hemen paratu nuen.

«Etxean beti izan dugu zurgintza presente»

Ion DUFURRENA IÑARREA

Zein produktu egiten dituzu?

Kaikuak gehienbat, baina artzain munduko gainontzeko tresnak ere egiten ditut: zimitza, abatza, kartola, malatsa, oporra, iragazkia, koxetaren bat edo bertze, sega kiderrak… aldatzea gustatzen zait, beti berdina ez egiteko. Bertzelako tailu lanak ere egin izan ditut, kutxak eta etxeen izenak, adibidez. Hala ere, kaikua da dudarik gabe jendeak gehien nahi izaten duena, Euskal Herri guzitik deitzen didate kaikuak bakarrik eskatzeko.

Zenbat denbora behar izaten duzu kaiku bat egiteko?

Neurriaren arabera, 4-5 ordutatik 20-30 ordutara, edo gehiago. Gainera, ez da berdina kaiku ttiki bat egiteak duen lana, edo haundi batek duena. 10 litroko kaiku batek pisu gehiago du eta dena eskuz egin behar denez, gehiago kostatzen da mugitzea edo erabiltzea. Litro eta erdi edo bi litroko kaikuak egiten gustura aritzen naiz, baina haundiek aunitzez ere esfortzu gehiago eskatzen dute.

Eta zein material erabiltzen duzu?

Kaikuak egiteko erabiltzen dudan egurra urkia da, eta taillaketak egiteko haritza edo gaztaina, inguruan dudana. Duela 25 urte hasi nintzen etxe bazterrean urkiak landatzen eta baditut parrasta bat. Gainera, auzolanean arbolaren bat botatzen badute, edo haizeak baten bat botatzen badu, aprobetxatzeko deitzen didate eta bila joaten naiz.

Saltzeaz gain, zuk ere erabiltzen dituzu?

Bakarren bat, etxean noizbait gaztanbera egiteko, baina gutitan. Lehenago zituzten zaintzeko teknikak galdu dira eta arras zaila da. Kaikua delikatua da esnearekin erabiltzeko, eta prestaketak eta hainbertze pauso eta prozesu ezagutu behar dira.

Kaikuez gain, artzaintzarako bertze hainbat tresna egiten ditu Dufurrenak egurrarekin.

Gaur egun hainbertze ikusten ez den lana da. Uste duzu inportantea dela eskulangintzaren tradizioa mantentzea?

Dudarik gabe. Antropologo bat izan behin hemen, eta erran zidan kaikua dela euskararekin batera Euskal Herriko jatorrizko gauza bakarra, hemendik kanpo ez baita bertze inon aurkitu. Kristo aitzineko bi edo hiru mila urte lehenagotik ezagutzen da. Gure artean bortz mila urtez egon ondotik, hain gurea den zerbait galtzen uztea, arras larria iruditzen zait.

Zure lana erakusteko bisita gidatuak ere egiten dituzu, ez?

Bai, baina orokorrean etortzen direnak ez dira arratsaldea pasatu nahi duten turistak, gaian interesa dutenak baizik. Aunitz harritu nauena da Euskal Herri guzitik etortzen dela jendea espresuki hau ikustera. Espainiatik ere etorri izan dira, liburu batean ikusi zutela eta kristoren interesa zutela. Etortzen direnak egiatan ikusi nahi dutelakoz etortzen dira, eta haiek ikasten dute baina nik ere bai, beraien esperientzia kontatzen baitute aunitzetan.

«Euskal Herri guzitik deitzen didate kaikuak eskatzeko bakarrik»

Ion DUFURRENA IÑARREA

Artisautzaz gain abeltzaintzan ere aritzen zara…

Bai, izatez nekazaria naiz, zurgintza zaletasun bezala hasi nuen. Orain dela hiruzpalau urte jakin nuen dibertsifikazio laguntza batzuk bazeudela, eta tailerra muntatzeko erabili nuen. Orain profesionalki aritzen naiz egurrarekin lanean. Hala ere, eskulangintzatik bizitzea ez da posible. Gainera, jendeak ez du ulertzen kaikuak ezin direla bakoitzak nahi duen neurrira egin; neguan hustu ditudan arbolen arabera egiten dut lan. Neurri jakin bateko kaikua nahi dutenek hurrengo urtera arte esperatu behar izaten dute, halako arbola husteko.

Zein aziendarekin egiten duzu lan?

Haragitako behiak ditut gehienbat, baita ardi batzuk eta zaldiren bat edo bertze.

Abeltzaintza tradizionala ere gero eta gutiago ikusten da. Nola ikusten duzu Baztanen?

Arras gaizki, azken urteetan afera buruz beheiti doa arras, eta ez dakit zer gertatuko den. Gerra dela, idortea dela eta pandemia dela, pentsuaren prezioak goiti egin du, eta haragia zerbait goratu bada ere, ez proportzionalki. Faktore handienak ez daude gure esku, eta arras zaila da konpontzeko.

Etorkizunera begira, abeltzaintzan eta eskulangintzan segitzeko asmoa duzu?

Bai, erretiratu arte behintzat bai, eta jubilatu ondotik zaletasun gisa segituko dut zurgintzarekin. Aunitz gustatzen zait eta ez nuke galtzera utzi nahiko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun