(H)ilbeltza bekaren bigarren edizioa aurkeztu dute Baztanen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko mar. 28a, 07:24
Maitane Maritorena, Joseba Otondo eta Mikel Soto, II. (H)ilbeltza bekaren aurkezpenean.

Estatu Batuetako Patricia Highsmith idazlearen ‘The Blunderer’ liburua euskarara itzultzea izanen da aurtengo bekaren xedea 

II. (H)ilbeltza beka aurkeztu dute martxoaren 27an Baztango udaletxean, Joseba Otondo alkateak, Maitane Maritorena (H)Ilbeltzako kideak eta Mikel Soto Txalapartako editoreak. Baztango Udalak eta (H)ilbeltza elkarteak Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin sortu zuen beka hau, euskal literatura beltza hedatzeko eta munduko literatura beltza euskaratzeko.

 

Joseba Otondo alkateak hitz egin zuen lehendabizi eta Baztan Euskal Herriko kultura-mapan kokatu nahi dela eta hori «eragile gisa» egin nahi duela nabarmendu zuen. Gogora ekarri zuen aitzineko urtean aurkeztu zutela beka eta Miel Anjel Elustondo azpeitiarrak irabazitako lehen beka hark sorkuntza sustatu nahi zuela. Aurtengoak berriz, itzulpena bultzatu nahi du «bistatik galdu gabe itzulpenak ere baduela sorkuntzatik».

Maitane Maritorena (H)ilbeltzako kideak ere gai horri heldu zion eta zera nabarmendu zuen: «Joan den urtean hasi genuen bideari jarraituko diogu aurten ere. Sormenera ez ezik, itzulpenari ere ateak irekitzea da gure nahia, aukera ederra iduritzen baitzaigu mundu zabalan dauden nobela beltz interesgarriak gure hizkuntzan, euskaraz, leitzea». Berak iragarri zuen Patricia Highshmith idazle estatubatuarraren The Blunderer liburua itzultzea izango dela aurtengo bekaren xedea.

 

Mikel Soto Txalapartako editoreak azaldu zuen Higshmith hautatu izanaren arrazoia eta garrantzia. Idazle honek literatura beltzean izan duen eragina nabarmendu zuen eta itzulpen beka «emakume batekin abiatu nahia» gaineratu zuen, horretarako Higsmith aukerarik onena zela iritzita. Idazle estatubatuarrari buruz esan ohi dena gogora ekarri zuen: «Higshmithek gizakiei buruz idazten du armiarma batek intsektuei buruz hitz egingo lukeen bezala».

Higsmithen pertsonaiarik ezagunena ere hizpidera ekarri zuen: Tom Ripley. Eta, horren harira, euskaraz argitaratu diren lanak aletu zituen: Ripleyren jokoa eta Ripley trebea eleberriak euskaratuak dituzte Maria Garikanok eta Asun Garikanok; Igela argitaletxeak kaleratu zituen 1995 eta 1999an. Horiez gain, Koro Navarrok Poliki, poliki haizetan narrazio bilduma euskaratu zuen 1988an, Elkar argitaletxearen eskutik.

Parte hartu nahi dutenek The Blunderer lanaren 29. atala itzuli beharko dute.

Bekan parte hartu nahi duten itzultzaileek, beraz, Patricia Highsmithen aipatutako eleberriaren lagin bat itzuli beharko dute, zehazki 29. atala. Atal hori eskuragarri egonen da www.ilbeltza.eus eta baztan.eus web gunean. 

Lanak aurkezteko epea 2018ko ekainaren 21a da eta, iaz bezala, Baztango Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek itzulpen laginak.

Epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertuko ditu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2018ko irailaren 15a baino lehen. Aurtengo epaimahaia Joseba Otondo Baztango alkateak, Mikel Soto Txalapartako editoreak eta Miel Anjel Elustondo, aurreko urteko irabazleak osatuko dute. 

Lagin irabazleari 3.000 euro emanen zaizkio hasiera batean (2018ko irailean) eta itzulpena akitzerakoan bertze 2.000 euro. 2020ko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak.

Euskal Herriko itzultzaile eta idazleak parte hartzera gonbidatu dituzte eta aurreko urteko bekaren irabazleak saria jasotakoan erran bezala, «datorrena datorrela beltza».

Erlazionatuak

II.(H)ilbeltza bekaren aurkezpena

Xorroxin irratia 2018 mar 28 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun