Josu Elberdinen Jolasean musikala eskainiko dute apirilaren 21ean

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 24a, 10:00
Josu Elberdin, helduekin Baztanen egin zuen tailerrean.

Sarrerak salgai daude Elizondoko Arkupe eta Malkorra gozotegietan (10 euro helduek eta 5 euro 12 urte arteko haurrek)

Elizondok Abesbatza Ttikiren eskutik ‘Jolasean’ Josu Elberdinen musikala eskainiko dute apirilaren 21ean, 20:30ean Elizondoko Baztan pilotalekuan.

Elizondoko Abesbatza Ttiki 2009an Elizondoko Abesbatzaren barruan sortutako taldea da. Kristina eta Maki Urtasun ahizpen zuzendaritzapean, ez dio ordutik lan egiteari utzi eta gaur egun, 6 eta 15 urte tarteko ia 70 kidek osatzen dute.

2017an eta bere 75. urteurrenaren ospakizun ekitaldien barrenean, Elizondoko Abesbatzak bi tailer antolatu zituen Josu Elberdin konpositore pasaitarrarekin, bat haurren abesbatzarekin eta bertzea helduekin. Bi abesbatzek bere lanak abesten bazituzten ere, tailerren ondotik bere lan handiren bat taularatzeko ideia hasi zen garatzen eta Elberdin bera izan zen "Jolasean" musikala eszenaratzeko proposamena egin zuena.

 

Jolasean

60 bat minutu irauten duen musikalean haurren abesbatzak, haur bakarlarik eta hiru abeslari helduk hartzen dute parte, baita pertsonaia bat gehiago izango den narratzaile bat ere. Euskaraz idatzia dago baina ikusle ez euskaldunek gaztelaniazko testuak jarraitu ahal izanen dituzte esku-orrietan.

Ikuskizuna 70 abeslari baino gehiagok eta 12 musikariren orkestrak interpretatuko dute, guziak baztandarrak.

Interpretazioa eta, nola ez, esparru musikalaz gain, bereziki zaindu nahi dute argi eta soinuaren esparru teknikoa eta, horretarako, izen handiko Kaskabel Soinua enpresa arituko da lanean.

 

Emanaldien datak

Apirilaren 21ean, larunbatean, Elizondoko Baztan Pilotalekuan izanen da lehen emanaldia, 20:30ean. Sarreren aurretiko salmentaren erritmoaren arabera, hurrengo egunean (apirilaren 22an) bigarren emanaldi bat egiteko aukera irekita dago.

 

Sarrerak

Sarrerak martxoaren 16an jarri ziren salgai Elizondoko Arkupe eta Malkorra Gozotegietan. Salneurria 10 eurokoa da helduendako eta 5 eurokoa 12 urte arteko haurrendako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun