Mende erdia ospatu du Elizondoko Lanbide Eskolak

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 8a, 15:09

180 lagun bildu ziren Elizondoko Lanbide Eskolaren 50. urteurreneko bazkarian. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Kalejirak, argazki erakusketa, 180 lagun bildu dituen bazkaria, musika eta bertze hainbat ekitaldi izan dituzte maiatzaren 6an 

Elizondoko Lanbide Eskolak joan den urteko urriaren 13an 50 urte bete zituen eta egun horretan ospakizun xume bat egin zuen. Ikasturtean zehar ere zenbait ekitaldi egin dituzte eta oraingoan berriz, maiatzaren 6an egun osoko festa eder bat egin dute garai bateko ikasle, langile eta irakasle ohiek eta orain ari diren guztiek.

 

Larunbat goizeko ekitaldiak hasteko txalaparta eta aurreskua izan zuten, Jo ala Jo taldearen eskutik. Sagardantza ere dantzatu zuten talde honetako kideek. Ondotik, kalejira izan zuten Iturengo hamar joaldun eta Jo ala Jo taldeko txistulariekin. Segidan, eskola irekiera egin zuten Baztango dantzariek. Argazki erakusketa eta bisita gidatuak ere izan zituzten eskolan eta garai bateko ikasle, irakasle eta langileek gustura ikusi zituzten gazte denborako argazkiak. Eguerdian pilota partida jokatu zuten eta ondotik Gaztelu abesbatzaren emanaldia. Gaur egungo ikasleek zerbitzatu zuten bazkarian 180 bat lagun elkartu ziren eta bazkalondoan segitu zuen musikak eta besta giroak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun