Horrela, Baztanek (15 herri, 7.712 biztanle) 170.000 euro jasotzen baditu, Bortziriak, udal guztiak baturik (5 herri, 8.700 biztanle) 430.879 euro hartuko ditu eta Malerrekak (12 herri, 5.000 biztale inguru) 402.451 euro. Gauza bera Esteribarrekin alderatuz gero (PILean 10 herri eta udala, 2.509 biztanle) 318.112 euro edo Erroibar (hamar herri eta udala, 809 biztanle) 221.669 euro. Arrangura, bistan da, ez da udal eta kontzeju horiek hartuko dutenari buruz, Baztanek jasaten duen bazterketari buruz baizik.
Gaurgero ezaguna denez, Baztanek hamabortz herri ditu, lurraldez Nafarroako udalerri handiena da, eta azpiegitura sare publiko zabala du: hamasei eskola-eraikin, zortzi osasun etxe eta mediku-kontsultategi eta herritarren ur-beharrak asetzeko hogeita zazpi ur-andel. Bertzalde, hemezortzi pilotaleku, polikiroldegi bat, lehorpeko igerilekua, futbol belagaia; zahar etxea, kultur etxea… Halaber, Baztango bide-sareari buruz, udalaren ardurapeko 1.626 km. bide daude. Nabarmena denez, erabilera libreko funtsen banaketa Baztango errealitateari buruz guztiz bidegabea da, Baztan udaletxe bat baita, bai; baina 15 herriz osatua eta 375km2-ko hedadura duena. Horregatik, Baztango udaleko gobernuak, erabilera libreko funtsei alegazioa aurkeztu die, banaketa begiratu dezatela eskatuz eta Baztango egiazko errealitatea kontuan hartzeko exigituz; bailara honi zuzenbidez dagokiona emateko.