Udalerriko etxebizitza, kale eta zerbitzu batzuekin gertatu zen bezala, urak eta lohiak Bake Epaitegia hartu zuten goiz hartan; udaletxearen gibelean dago epaitegia, ibai-ibilgutik oso gertu. Ia erabat suntsituta geratu zen epaitegiko artxibo guztia, XIX. mende erdialdera artekoa. Ohiko informazioa gordetzen zuen –jaiotzak eta heriotzak, ezkontzak eta hauteskunde-prozesuak, jakinarazpen judizialak edo aurrekari penalak–, baina arras baliagarria baztandarrentzako eta administrazio-erregistroentzako.
Agiri horiek berreskuratzea zen Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren helburua, eta lortu egin da, hainbat administrazioren baterako lanari eta artisau-erako zaharberritze-teknikei esker. Horrela, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eta Nafarroako Gobernuak hartu dute beren gain artxiboa berreskuratzeko finantzazioa, 200.000 eurorekin; Baztango Udalak beharrezko bitarteko materialak jarri ditu; eta Kulturako Zuzendaritza Nagusiarekin kolaboratzen duen Barbachano & Beny enpresak egin ditu agirien zaharberritze-lanak, Cercedillan duen lantegian. Zaharberritze-lan hori eta argazkien digitalizatze-lanak Maria Jose Beaumont Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak eta Rafael Catala Justizia ministroak 2015eko irailean sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasota zeuden.
Partekatutako lana izan da, eta lan horretan parte hartu dute bertze hauek ere: epaitegiko langileek; Iruñeko artxibategi judizialetako langileek, gertakarien momentuan agiriak erreskatatzen, lehortzen eta garbitzen parte hartu baitzuten; Baztango bizilagunek, altzariak utzi baitzituzten, eta denbora-aldi honetan zehar arreta- eta artxibo-lanak egin baitituzte epaitegian.
Zoritxarrez, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuaren kalkuluek diotenez 2014koa bezalako uraldi bat 50 urtean behin gertatzen da banaz bertze eta, zalantzarik gabe, orain dela hiru urtekoa bezalako uholdeak errepikatuko dira etorkizunean, lehenago edo beranduago. Hala ere, bake epaitegiko eta erregistro zibileko berreskuratutako funtsak salbu egonen dira egoitza berrian, Foruzaingoaren komisaria zegoen eraikinean; izan ere, hara eramango dira agiriak datorren astean, Baztango Udalak lokal horiek egokitu ondoren. Laster eginen du hara bisita Beaumont kontseilariak.
138 liburu, eta agiriz betetako 97 kaxa
Uholdeak 138 liburu eta eskuz idatzitako, mekanografiatutako eta inprimatutako agiriz betetako 97 kaxa kaltetu zituen, horietatik zaharrenak 1854koak. Guztiak berreskuratu dira. Agiri horietan jasotzen dira Baztan Haraneko azkeneko 84 urteetako jaiotzak, ezkontzak eta heriotzak, 1899. urteaz geroztiko hauteskunde-prozesuetako dokumentazioa, eta epaitegi horrek XIX. mende erdiaz geroztik emandako adiskidetze-egintzak, erreguak eta kontziliazioak, bertzeak bertze.
Liburu eta kaxa horietako aunitz urak eta lohiak hartu zituen. Uholdea igaro zenean, lan neketsua izan zen haiek berreskuratzea. Materialak erabat bustita zeuden eta, ondorioz, irristatu egiten ziren eta oso erraz puskatzen ziren. Gainera, hezetasun-maila handiaren eraginez, eta erabat lehortu arte denbora luzea igaro zenez, mikroorganismoak ugaldu ziren; kutsadura-maila aldakorra zen, material batzuek orban gutxi batzuk zituzten, baina bazeuden onddoek erabat hartutako orri-multzoak ere.
Bertze kalte batzuk ere jasan zituzten: desagertu egin ziren paperek zituzten tinta, disolbagarriak baitziren; hezetasunak deformazioak eragin zituen, liburu batzuk tolestuta zeuden eta kaxak bihurrituta; agiriei eusten zieten metalezko elementuak herdoilduta, hala nola grapak eta klipak; eta koadernaketak hondatuta, liburuak ezin baitziren itxi orrien bolumena hazi egin baitzen uraren eraginez.