Larunbatean, 17:30ean hasita, Iruritako Gizarte Bilgunean sei bertsolarik hartuko dute parte: Oskar Estanga, Julen Zelaieta, Amaia Elizagoien, Josu Sanjurjo, Ekaitz Astiz eta Saats Karasatorre. Fernando Anbustegik egingo ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak. Baztango Udalak lagundu du saioa antolatzen.
Asteburuko bigarren saioa, final-laurdenetan azkena, igandean izanen da, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan, 17:30ean. Eneko Fernandez, Ander Fuentes ‘Itturri’, Sarai Robles, Xabier Maia, Irati Majuelo eta Oskar Sanz de Acedo igoko dira oholtzara. Maider Ansa izanen da aurkezle eta gai-jartzailea. Uharteko Udalaren eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren laguntza izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak saioa antolatzeko.
Saio bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalaurrekoetara pasako dira zuzenean. Gainerakoek, lehen fasea bukatu arte itxaron beharko dute, sailkapenaren arabera pasatzen diren edo ez jakiteko. 18 dira finalaurrekoetara sailkatuko diren bertsolariak, 30etik. Momentuz, Julio Sotok, Xabier Terrerosek eta Aimar Karrikak eskuratu dute zuzeneko txartela.
Sarrerak salgai
Sei euroko salneurria dute bi saioetarako sarrera arruntek, lau eurokoa Bertsozale Elkarteko bazkideen eta 16 urtetik beherakoen kasuan. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak. Iruritako saiorako sarrerak, gainera, Elizondoko Fantxike dendan erosi ahalko dira, eta Uhartekoak herriko Kultur Etxean, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 21:00etara. Saioen egunean, gainera, 16:00etan irekiko dira bi aretoetako leihatilak, eta han ere eskuratu ahal izanen dira sarrerak.
Behin final-laurdenak bukatuta osatuko da finalaurrekoetan ariko diren bertsolarien zerrenda. Hiru izango dira finalaurrekok, Beran (martxoak 18), Antsoainen (martxoak 19) eta Agoitzen (martxoak 26). Apirilaren 8an izango da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.bertsozale.eus webgunean aurkituko duzue.