‘Francoren bilobari gutuna’ antzezlana Iruritan otsailaren 19an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko ots. 17a, 10:56
Ander Lipus da antzezlaneko aktoreetako bat.

Igande arratsaldeko 7etan eskainiko du Artedrama-Dejabu-Le Petit Théâtre antzerki taldeak Gizarte Bilgunean

Artedrama-Dejabu-Le Petit Théâtre taldearen eskutik Francoren bilobari gutuna antzezlana ikusgai izanen da otsailaren 19an, igande arratsaldeko 7etan Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean. Baztango Kultura Batzordeak Nafarroako Gobernuaren 2017ko Arte eta Kultura programaren laguntzaz antolatutako emanaldian sarrera doan izanen da, lekuak bete arte.

 

Antzezlanak, mota guztietako injustiziak eta jazarpenak aipatzen dituztela argitu du Ximun Fuchs taula zuzendariak. «Ez da iraganera begira dagoen antzerkia oraina aipatzen baitu».

 

Gogoetak gai minberaren inguruan

Antzerki berria sor­tzeko hainbat gogoeta egin dituzte, bertzeak bertze, nazismoak bere auzia izan zuela eta frankismoak ez. Ber­tzalde, Günther Anders filosofo judu alemania­rrak idatzitako gutunetan ere aurkitu dute inspirazioa. Deportazio eta esterminazio naziaren arduradun baten semeari galdetu zion neonazismoaren aurkako borrokan buru belarri sartzea. Gaiak hurbiletik ezagutzen ditu Fuchs­ek bere aitatxi bat judu-alemaniarra bai­tzen. Senide asko esterminazio esparruetan hil ziren Munduko Biga­rren Ge­rra garaian. Beste aita­txi euskalduna zen eta presodengirat eraman zuten euskaraz mintza­tzeagatik.

Frankismoaren kontrako auzi zintzorik ez dela sekulan gertatu azpimarratu du Ander Lipus aktoreak. »Gure herriak gainditu ez dituen mamuak dauzka oraindik, zauriak josi eta sendatzen laguntza eman behar da». Tobera bat balitz bezala terapia eskaini nahi dute irri eta negar egiteak oso sanoak dira eta, bere hitzetan. Euskararen aurkako erasoak ere taulen gainera eramatea erabaki dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun