Baztango lehen inauteriak Anizen ospatuko dituzte ilbeltzaren 14an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko urt. 12a, 08:10

Aniz eta Berroetako gazteek elkarrekin ospatzen dituzte inauteriak, bi larunbatez.

Berroetako gazteekin batera eginen dute ospakizuna eta hilaren 21ean Berroetara bueltatuko dute bixita

Eguberrietako besta eta bestondoak pasatu berri eta hemen ditugu dagoeneko Anizko inauteak. Gure eskualdeko lehenbizikoak (edo lehenebizikoetarikoak), erregeetako ondoko asteburuan.

 

Heldu den ortziralean elkartean geldituko dira afaltzeko eta barnak berotzen hasteko, baina egiazki inauteak ilbeltzaren 14an, larunbatean izanen dira. Goizeko 9:00etan Anizko mendiarte kultur elkartean elkartuko dira Aniz eta Berroetako gazteak gosaria egiteko. Gosaria egin ondotik, mozorrotu eta etxez etxe ibiliko dira musikariekin batera puxkak biltzen: xingarra, xixtorra, arrautzak... Bildutako puxkak xaretorat bildu eta xaretoa betetakoan elkarterat eramanen dute hustera, bertan izanen baitira zenbait aniztar puxketan bildutakoarekin afaria egiteko prest.

Aurten, iaz bezala etxez etxe ibiltzen direnez gain, aniztar guztiendako afaria izanen baita elkartean, ondotik Salaberrirekin dantzaldi-kantaldia gauak ematen duen artio. 

Ondoko larunbatean, ilbeltzaren 21ean, gauza bera eginen dute baina hontakoan Berroetan. Aniztarrak joanen dira Berroetarat.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun