Lekaroz, Berroeta eta Oronozen ere aukeratu dituzte alkateak

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 27a, 09:10

Amaiur, Arraioz eta Ziga bakarrik gelditzen dira erabakitzeko

Baztango herrietako alkateak aukeratzeko lanean dabiltza egunotan. Eguberri egunean egindako batzarretan, Lekaroz, Berroeta eta Oronoz-Mugairikoak aukeratu zituzten. Bozketa herri bakarrean egin zen, Lekarozen, bi hautagai aurkeztu diren herri bakarra izan baita. Mattari Plaza Zugarramurdik 111 boza jaso zituen eta Agurtzane Elizegi Narbartek 46. Berroetan Carlos Garaikoetxea Elso izanen da alkate eta Oronoz-Mugairin Ruth Peña Tena, hautagai bakarrak izan baitziren.

Hamabortz herrietako alkateak aukeratzeko lehen deialdia abenduaren 18an egin zuten. Espero bezala, deialdia ez zuen aparteko erantzunik izan eta 15 herrietatik seitan ez zen alkaterik aukeratu. Lehen deialdian aukeratuko 9 alkateen artean, bortz berriak dira, horietatik bi emakumeak. Elizondon Alazne Sansiñena Lertxundi aukeratu zuten (argazian batzarrea) eta Anizen Ainhoa Maritorena Azkarate; Arizkunen Asier Lizarza Esparza; Azpilkuetan Andres Azkarraga Iribarren eta Erratzun Gamioako Miguel Etxandi dira alkate berriak. Alkate karguan segituko dute Almandozko Luis Roldanek, Elbeten Fermin Almandozek, Gartzainen Dani Arraztoak eta Iruritan Pello Obregozok.

Orain, Lekaroz, Berroeta eta Oronoz-Mugairin alkateak aukeratu dituztenez, Amaiur, Arraioz eta Ziga bakarrik gelditzen dira alkaterik gabe, baina datozen egunetan aukeratzea espero dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun